Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak 80 urtetik gorako herritarrei laguntzeko proiektuaren bigarren faseari ekin dio, eta, hala, su-detektagailuak jarriko ditu 40 etxebizitzatan baino gehiagotan.

“Duela bi urte hasi ginen ke-detektagailuak instalatzen adineko herritarren etxeetan. Osotara, 169 aparatu jarri genituen 165 etxebizitzatan, eta, horrela, bakarrik edo 80 urtetik gorako beste pertsona batzuekin bizi diren 80 urtetik gorakoen kolektiboaren % 73ren premiei erantzun genien. Detektagailu horiek nola funtzionatzen duten aztertzen ari gara, baina urrats bat gehiago egin nahi genuen, kolektibo handi horren % 100 babesteko. Hori dela eta, 11.000 euro baino gehiagoko partida bat bideratu dugu horretarako. Gure adinekoak ahal bezainbeste babestea eta haiei laguntzea, konpromisoa baino gehiago, errealitatea da”, azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Abanto Zierbenako Udalak “Bakarrik edo 80 urtetik gorakoekin bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen beharrizan sozialak” azterlana egin zuen 2014an. Horren bidez, jakin genuen adinekoen 226 etxebizitzatik % 32k arrisku onartezinak zituztela suteen kontrako prebentzioari dagokionez. Horren harira, suteen kontrako egitasmo honen lehen faseari heldu genion. Ikerlanean aztertu ziren 165 etxeetan bizi ziren 202 pertsonak 79 eta 98 urte bitartekoak ziren; horien artetik, 141 emakumezkoak ziren, eta 61 gizonezkoak. 2014-2015eko lehen fasearen aurrekontua 24.853 eurokoa izan zen.

“Abantoar guztien ongizatea izan behar dugu xede, Abanto Zierbenako parte diren pertsona guztien ongizatea. Kolektibo bakoitzak behar jakin batzuk ditu, baina denek dute garrantzi berbera, eta, ildo horretatik, gure herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten dugu. Orain, konturatu gara 80 urtetik gorako pertsona gehiago daudela eta, beraz, haien etxeetan zerbait egin eta arriskuak saihestu behar direla. Etxebizitzetan maiz gertatzen dira ustekabeko suteak, eta, kasuotan, adinekoak kalteberagoak izan ohi dira. Bada, ke-detektagailuekin ezbehar horiek saihestu ditzakegu”, adierazi du Etxebarriak.

Gainera, krokis xeheak egingo dira, larrialdietan errazagoa izan dadin etxebizitzak hustea. Abanto Zierbenako Udalak adineko herritarren eskura jarriko du suteen kontrako doako zerbitzu hori. Zerbitzua eman ahal izateko, etxebizitzak aldez aurretik ikuskatu beharko dira; hortaz, argi identifikaturiko teknikarien talde bat prozesuari buruzko informazio-gutuna jaso dutenen etxera bertaratuko da. Guztira, 40 ohartarazpen-gutun baino gehiago igorri dira arriskua detektatu den etxebizitza horietara. Teknikarien taldeak behar diren ke-detektagailuak instalatuko ditu etxean, eta ez du inolako obrarik egin beharko horretarako.

“Gure adinekoen segurtasuna eta ongizatea lehentasuna da Udal honentzat. Haien beharrizanei adi-adi egongo gara aurrerantzean ere, eta, beti bezala, lana eta irtenbideak eskainiko dizkiegu”, esan du alkateak, azkenik.