Albisteak

 

Neska-mutilen arteko errespetua eta berdintasuna bultzatzea da Eudelek sustatutako eta Emakundek antolatutako Beldur Barik Jarrera lehiaketaren xedea. Zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta beste behin ere Abanto Zierbenako Udalak bat egingo du lehiaketarekin, udalerrian jarrera ez-sexistak sustatzeko konpromiso irmoa baitu.

Programa honen xedea da gaur egungo emakumeenganako ezberdintasun-egoerari neska-mutikoek nola aurre egiten dioten erakusten duten mota guztietako adierazpen artistikoak aintzatestea, balioestea eta sustatzea, betiere errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jarreren eta jokabideen bidez eginikoak badira.

Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera irudikatu behar dute; hau da, konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute emakumeenganako indarkeriaren forma desberdinak gainditzeko eta errespetuan, berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako harreman libre eta ez-sexistak eraikitzeko.

“Gezurra dirudi, baina gazte askok ez dituzte berdintasunean oinarritutako harremanak izaten eta ez dute hala jokatzen. Gure gazteek emakumeen aurkako jarrerak arbuia ditzaten lortu behar dugu, eta hezkuntza beharrezkoa da indarkeria sexista prebenitzeko”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Beldur Barik jarrerak konpromiso pertsonal zein kolektiboa erakutsi behar du kultura matxista eta indarkeria sexistaren forma ezberdinak eraldatzeko. Alde horretatik, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea neurtukoa da, alegia, indarkeria matxista amaitzeko batez ere neskak ahalduntzearen eta mutilek konpromisoa edo erantzukizuna hartzearen inguruan hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna.

Edozein arte-adierazpen mota onartuko da, betiere ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmobak, kamera aurrean irakurritako poemak edo hausnarketa-testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaketak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, film laburrak, animazio-proiektuak, proiektuen edo artelanen bideo-aurkezpena, performanceak, hiriko esku-hartzeak, etab.

Abanto Zierbenan, udalerrian bizi diren edo bertan ikasten duten 12 eta 26 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Adinaren araberako bi kategoria egongo dira: lehenengoa 12-17 urte bitartekoena eta bigarrena 18-26 urte bitartekoena. Oinarri guztiak Udalaren webgunean eta www.beldurbarik.org  webgunean daude.

Herriko lehiaketan parte hartzen duten sorkuntza-lanak erkidegoko sarietara aurkeztuko dira automatikoki.

Lanak aurkezteko epea 2016ko irailaren 9an ireki zen eta 2016ko azaroaren 9an amaituko da.
Sariei dagokienez, Abanto Zierbenako Udalak 1.000 euro jarriko ditu, eta diru hori sari hauen bitartez banatuko da: kategoria bakoitzean 300 euroko bi sari eta 200 euroko beste bi. Dirua opari-txeke gisa banatuko da, udalerriko saltoki atxikietan kontsumitzeko.

2016ko azaroaren 25aren inguruan jakinaraziko da herriko sarien lehiaketako irabazleak zein diren, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Erabaki hori zuzenean jakinaraziko zaie irabazleei, eta www.abanto-zierbena.org webgunean argitaratuko da.

Aurreko edizioan (2015. urtean) 6 lan aurkeztu ziren, 3 kategoria bakoitzeko. 52 neska-mutilek parte hartu zuten 12-16 urte bitarteko adin-tartean, eta 78 neska-mutilek 18-26 urte bitarteko adin-tartean. 130 parte-hartzaileetatik 95 neskak izan ziren eta 35 mutilak.

“Estereotipoak gainditu behar ditugu, aurrera egin behar dugu berdintasunerantz, eta artea eta hausnarketa bide egokiak izan daitezke horretarako. Horregatik da horren garrantzitsua gure neska-mutilek horren inguruan pentsatzea, etorkizun hobe bati buruz hausnartzea eta hori guztia horrelako lehiaketa baten bidez irudika dezaten saiatzea”, esan du Etxebarriak, amaitzeko.

Kartela jaitsi (PDF 428KB)