Albisteak

 
Abanto Zierbenak adinekoekin adiskidetsua den udalerri bihurtu nahi du, eta dagoeneko aurrerapauso batzuk ematen ari da helburu hori lortzeko.Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Deustuko Unibertsitateko “AgeingResearch” gerontologia-taldearekin, adinekoekin ahalduntze pertsonalari buruzko ikerketa-proiektu parte-hartzaile bat egiteko.

“Udalerriko adinekoen hiru elkarteetako 15 herritarrek hartu dute konpromisoa proiektu honetan parte hartzeko. Hainbat aurkezpen-bilera eta –jardunaldi egin dira elkarteetan, lan-plan interesgarri hau ezagutarazteko.Helburua da zenbait tresna hautematea eta martxan jartzea, gure adinekoek zahartze aktibo eta kalitatezko bat izan dezaten”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Adineko pertsonekiko adiskidetsua den herri batek zahartze aktiboa sustatu behar du, parte hartzea bultzatuz, osasun-baldintzak hobetuz eta segurtasuna areagotuz. Azken batean, adinekoen eta, ondorioz, herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea izan behar da helburua.
“Gure udalerriak adinekoen beharrei erantzunez egin behar du aurrera eta, azaldu dugun lankidetza horri esker, ikuspegi egoki bat lortu dezakegu, adineko benetako herritarrak baitira proiektuaren motorra”, adierazi du Etxebarriak.

Adinekoekin Adiskidetsuak diren Hirien Programa nazioarteko egitasmo bat da, eta herriei mundu-mailako bi joera demografiko hauetarako prestatzen laguntzeko sortu zen:biztanleen zahartze azkarra eta hiritartzea.

“Deustuko Unibertsitateak konpromisoa hartu du bi urtean proiektu hau gauzatzeko. Udalerriaren adiskidetasun-mailari buruzko diagnostiko bat eta ekintza-plan bat egingo du.”Proiektua hainbat fasetan egingo da eta, horretarako, 18.000 euroko inbertsioa egin beharko da Udaleko diru-kutxen kargura.Udalbatzaren hurrengo osoko bilkuran berretsiko da hitzarmena”, adierazi du alkateak.

Otsailaren 11n, informazio-jardunaldi bat egin zen udaletxean hiri adiskidetsuaren titulua lortzeko plan honi buruz.Abanto Zierbenako adinekoen hiru elkarteetako kideak bertaratu ziren bilera horretara, baita Bizkaiko adineko pertsonen elkarteen federazioa (Nagusiak) ere.
Halaber, bileran izan ziren Hartu-Emanak Elkartea, Deustuko Unibertsitateko irakasle bat (proiektuko prestatzaile gisa) eta Udaleko teknikari eta politikari arduradunak.
Azpimarratu behar da Hartu-Emanak eta Nagusiak elkarteak trakzio-taldea direla; hau da, Bizkaiko adineko pertsonen kontseiluaren mendeko lantalde bat, Bizkaia lurralde adiskidetsu bilakatzeko estrategia sustatzeko funtzioa duten pertsonaz osatutakoa (batez ere, Bizkaiko elkarte-sareko adinekoak).

Haien helburua da estrategia hori hainbat udalerritan ezartzea.
Horixe da, hain zuzen ere, abiapuntua, Abanto Zierbena aurki adineko pertsonekin benetan adiskidetsua den udalerri bihurtu dadin.
“Abanto Zierbenan adinekoen hiru elkarte hauek ditugu: Gallartakoak 384 bazkide ditu, Sanfuenteskoak 270 eta Las Carreraskoak 250. Guztira, orain 65 urtetik gorako 1645 gizon daude Abanto Zierbenan eta ia mila emakume”, azaldu du Etxebarriak.

“Adinekoekin adiskidetsuak diren hiriak” proiektua 2005. urtean sortu zen, Rio de Janeiron eginiko gerontologiari buruzko XVIII. Munduko Kongresuan, eta OMEko A. Kalache eta L. Plouffe-ek garatu zuten, 2006. urtean.
Zahartze aktibo eta osasuntsua da udal-plan berri honen gakoa. Plana hainbat fasetan dago banatuta, eta 5 urte beharko dira gauzatzeko.Abanto Zierbenak izena emana du jada adineko pertsonekin adiskidetsuak diren hirien sarean, baina hori ez da nahikoa; gogor egin behar da lan eta ekintza bateratuak egin behar dira helburua lortzeko.

“Ekintza-plan bat martxan dago jada, honako hauek baititugu udalerrian: etxeko arreta-zerbitzu sendo bat; Zainduz programa, mendetasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko; belaunaldien arteko ekintzak (sukaldaritza-ikastaroa, teknologia berrien ikastaroa...), zaharrak zein gazteak elkartzeko...Horrez gain, gizarte-egoera txarrean eta zaurgarritasun-egoeran dauden 60 urtetik gorakoei arreta emateko protokolo bat ere badago.Uste dugu dagoeneko adiskidetsuak garela adineko pertsonekin, baina orain izendapen garrantzitsu hori lortu behar dugu eta, lan-ildo honi eutsiz gero, lortuko dugu”, adierazi du Etxebarriak.

Herritarren parte-hartzearen bitartez adineko pertsonak ahalduntzeko aukera bat da, eta helburua da adin guztietako herritarrentzako gizarte bat lortzea.