Albisteak

 

Udaberriko merkataritza-bonua itzuli egin da udalerriko merkataritza txikia babesteko eta bultzatzeko; bizilagunen artean gero eta finkatuago dago ekimen hau, ediziotik ediziora arrakasta handiagoa izaten baitu.

Abanto Zierbenako Udalak, Abanto Zierbenako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin eta Laboral Kutxarekin batera, “Erosi Abanto Zierbenako dendetan” kanpaina martxan jarri du.

"Bonu bakoitzagatik 20 euro ordaindu behar dira, baina dendan 30 euroko balioa dauka. Kanpainari atxikitako Abanto Zierbenako saltokietan bakarrik erabili daiteke" azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

500 bonu jarriko dira zirkulazioan apirilaren 1etik, ostiraletik, aurrera. 5.000 euroko inbertsioa egin da eta 15.000 euroko inpaktu ekonomikoa izango du gure saltokien eta ostalaritzako lokalen tokiko ekonomian. Hori horrela, bizilagunek erosketak egiterakoan % 33 aurreztuko dute, eta aldi berean, merkatari txikien hurbiltasuna eta lan ona sarituko dugu, haien salmentak bultzatuz.

Oraingoan berrogei saltokik parte hartu dute ekintza honetan, eta hori bultzada handia da dendentzat eta kontsumitzaileentzat. Bonuak Gallartako Laboral Kutxaren bulegoan (El Minero etorbidea 1) erosi ahal izango dira, apirilaren 1etik apirilaren 30era bitartean, 9:00etatik 14:00etara.

“Herritarrek ziztu bizian joan beharko dute horiek erostera, aurreko kanpainetan bonuak saltzen jarri eta bost egun igaro baino lehen amaitu baitziren” jakinarazi du Etxebarriak.

Hori bai, ezingo dira bi bonu baino gehiago erosi aldi berean. Txartel berezi hori aldi bakar batean erabili beharko da, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa izanez gero, ez da dirurik itzuliko eskudirutan. Bonuak ezin dira eskudirutan aldatu eta inola ere ez da itzuliko bonuaren zenbatekoa. Asko jota bi bonu erabili ahal izango dira erosketa-txartel bakoitzeko.

"Eskerrak eman behar dizkiogu Laboral Kutxari, bonuak banatzeaz gain, aurten papertegi-gastuen kargu ere egin baita" adierazi du Etxebarriak.

Atxikitako establezimenduen artean honako hauek daude, besteak beste: ile apaindegiak, tabernak, harategiak, argazki-dendak, arropa-dendak, hortz klinikak... Guztira, 40 saltokitan gastatu ahal izango da Bono Denda.

“Gure herritarrek edozer eros dezakete udalerritik atera gabe, eta merkataritza bonu honekin hori gogorarazi nahi diegu. Gure merkataritza txikia oso garrantzitsua da, bizia ematen baitie gure kaleei, eta ekimen honen bidez, bultzatu egiten dugu. Argi dago Bono Denda geratzeko etorri dela; izan ere, kanpaina abian jartzen dugun bakoitzean, arrakasta itzela lortzen du” esan du amaitzeko alkateak.

 Informazio gehiago (PDF 416KB)