Albisteak

 

Bizkaiko berrogeita hamar bat abegi-familia larunbat honetan elkartuko dira, hilaren 28an, Abanto Zierbenako Sanfuentes auzoan, Familia Harreraren IV. Jaia ospatzeko. Egun horretan, hain zuzen, haur babesgabeak etxean hartzen dituzten familiak elkartu, eta aitorpena egingo zaie; ildo horretatik, agerian jarriko da familia horiek egiten duten lan handia eta premiazkoa, eta aisiarako gune bat ere izango da. Gizarte Ekintzako foru-diputatu Isabel Sánchez Roblesek ere parte hartuko du topaketan.

“Bizkaian etengabe behar dira arazoak dituzten eta premiaz etxetik irten beharra duten adingabeak zaintzeko 25 familia. Umeok laguntza behar dute, eta heziko dituen familia bat. Hala, familiek aldi baterako edo betiko hartzen badituzte, haurtzaro ona igarotzeko aukera izango dute; haur guztiek merezi duten haurtzaroa igarotzekoa, alegia”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Jaiaren harira, hainbat jolas-jarduera antolatuko dira, eta, era berean, deia egingo zaie Bizkaiko gainontzeko familiei, egitasmo garrantzitsu honekin bat egin dezaten.
Gizarte Ekintzako foru-diputatu Isabel Sánchez Roblesek eta Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak jaira etortzen diren abegi-familiekin batera emango dute eguna. Bizkaian, gaur egun, ia 330 ume bizi dira abegi-familiekin batera.

Familiek eta herritarrek aukeran izango dituzte tailerrak, familia-ginkana bat, meatze-jokoak eta joko tradizionalak, eta Meatzaritzaren Museora ere joan ahalko dira bisitan. Eguerdian, atseden hartzeko, herri-bazkaria izango da. Gainera, haur zein heldu, den-denek primeran pasatuko dute karaokean abesten eta Disko Festan dantza egiten. Arratsaldea amaitzeko, azkenik, txokolate-jana izango da, guztiak aho-zapore gozoarekin lagatzeko.
“Familia horien ahaleginari bultzada eta balioa eman nahi diogu”, adierazi du Etxebarriak. Familia-harrerari esker, adingabeko haur babesgabeek laguntza jaso dezakete abegi-familiaren eskutik, jatorrizko familiarekin duten loturari eta harremanari eutsiz; horretarako, bisitak egiten dituzte eta harremanetan jartzen dira haiekin, Bizkaiko Foru Aldundiko profesionalen zaintza eta kontrolpean betiere.

“Bere historia aldatu. Zeurean hartu” da aurtengo leloa. Oraintxe bertan 5 familia behar dira 3 urtetik beherako haurrak premiaz hartzeko. Haur horiek familiek hartuz gero, ez dute egoitza batetik igaro beharko horren txikiak izanda, eta garai hori funtsezkoa da haien garapenerako. Bestalde, beste 15 familia behar dira 9 urtetik beherako haurrak har ditzaten luzaroago edo aldi mugagabe baterako. Horrez gain, laguntza behar da premia bereziak (osasun-arazoak, desgaitasunak…) dauzkaten edo 9 urte baino gehiago dituzten 5 ume baino gehiago hartzeko ere. Guztira, beraz, 25 familia behar dira etengabe, etxetik irteteko premia duten neska-mutil horiez ardura daitezen.

Iaz, 65 adingabe inguruk hasi zuten familia-harrerako modalitateren bat: premiazkoa, aldi baterakoa edo iraunkorra. Familia-harreraren bitartez, haurrek aukera dute maitasuna, dedikazioa eta babesa aurkituko duten inguru batean hezteko, behar duten denbora guztian.
Harrera horri esker, adingabeek etxe egonkorra, beroa, normalizatua, egokia eta heziketa-jarraibide argiak dituena ezagutzen dute, eta bizitzako hainbat alderdi hobetzen dituzte: lotura berriak egiten dituzte, maila fisikoa eta emozionala hobetzen dute, familia-eredu egokia ezagutzen dute, eta euren nortasunari eta gurasoekin duten harremanari eusten diote.
Familia Harreraren IV. Jaira etortzen diren familiek euren esperientzia kontatuko dute, eta agerian utziko dute esku gehiago, familia gehiago behar direla haurrok beren egungo egoera hobetu eta etorkizun ona izan dezaten.

“Ume hauetako batzuk iragan latza izan dute, eta, familia-harrerari esker, alternatiba bat eskaintzen zaie egungo egoera aldatu ahal izateko: hori mugarria da haien bizitzan. Haientzat aukera handia da, bai, baina familia ere aberastu egiten da, hainbat balio sustatzen baitira: enpatia, interesik gabeko maitasuna, solidaritatea, laguntasuna… Azken batean, haurrak senide bat gehiago balira bezala hartzean eta guztiek eduki beharko luketen heziketa eta etxea ematean datza harrera”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.