Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Lanbideren laguntzarekin batera, “Abanto Lan” proiektuarekin jarraituko du aurten ere. Tokiko enplegu-proiektu honen onuradunak lanik gabe dauden 37 herritar izango dira.

Maite Etxebarria alkateak adierazi du oso aukera ona dela lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzat, baita gazteentzat ere. “Eskaintza kopurua handitu ahal izan dugu; aurreko urtean 29 kontratu izan ziren; 2016 honetan, berriz, 37 izango dira. Udalerriko enplegua sustatzeko apustu irmo eta sendoa dugu”, azpimarratu du Etxebarriak.

“Abanto Lan 2016” proiektua hiru zatitan garatuko da urtean zehar eta bost proiektu hartuko ditu barne.
Taldeetako bat hiri-guneak eta -altzariak eraberritzeaz eta mantentzeaz arduratuko da. Hiru taldeburu behar dira; ez da beharrezkoa formakuntza izatea, baina urtebeteko esperientzia izan beharko dute karguan. Gainera, 12 peoi kontratatuko dira; kasu honetan, urte erdiko esperientzia eskatuko zaie.

Bestalde, Abanto Zierbenako Udala gertutasuneko 15 hiri agenteren bila ere badabil. Horiez gain, hiri-agenteen taldeburuentzako beste 3 kontratu eskainiko dira. Programa hau emakumeentzat bakarrik izango da.
Abanto Lan 2016, 2016ko urriaren 1etik 2017ko martxoaren 18ra bitartean garatuko da.

“Udalak 2 lan-orientatzaile ere eskatzen ditu, diplomatura edo antzeko titulua dutenak. Horien zeregina Tokiko Garapen Agentziako langabeen datu-basea eguneratzea, aztertzea eta ezaugarritzea izango da. Halaber, arreta zerbitzua eskainiko diete Tokiko Garapen Agentziara bertaratzen diren pertsonei”, jakinarazi du Etxebarriak.
Horrez gain, Gizarte Hezkuntzan graduatu, diplomatu edo lizentziatutako teknikari batek udalerrirako droga-mendekotasun plan bat gauzatuko du. Kontratatutako pertsonak gaian esperientzia eta formakuntza osagarria izan beharko ditu. Azkenik, meatzaldeko Udalak, gizarte bitartekari bat ere eskatzen du “Abanto Lan 2016” proiektuaren bitartez. Pertsona hori gazteentzako lokalak eta gazteentzako bestelako proiektuak koordinatzeko arduraduna izango da.

“Abian jarriko dugun lan-eskaintza handia da, eta eskainitako kontratuak askotarikoak (peoiak, gizarte-bitartekariak…). Guztira, 37 kontratu berri, enplegu berri, zailtasunak dituzten pertsonentzat. Udalerriko enplegu-sustapen honek 134.000 eurotik gorako inbertsioa eskatzen du eta Lanbideren diru-laguntzaren bidez finantzatuko da. Aurrekontua 17.000 euro handitu dugu, aurreko urtekoarekin alderatuz. Izan ere, herritar langabeei horrelako aukerak eskaintzea lehenesten dugu”, azaldu du Etxebarriak.

Kontratazioa 3 hilabeterako egingo da eta lanaldia asteko 20 ordukoa izango da. Udalak formula honen alde egiten du, 6 hilabeteko kontratuak eskaintzearen ordez. Horren xedea da herritar langabe gehiagok ateratzea etekina programari.

Hautapen-prozesuan parte hartu nahi duten pertsonak langabeak izango dira eta Lanbiden eta Tokiko Garapen Agentzian lan-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute. Halaber, ez dute langabezia-prestazioa kobratuko, Abanto Zierbenan erroldatuta egon beharko dute (urtebeteko gutxieneko antzinakotasunarekin) eta postu bakoitzak eskatzen dituen ezaugarriak bete beharko dituzte.

Era berean, “Abanto Lan 2016” proiektuaren bidez kontratatutakoen % 30ek DSBEren titularra izan beharko dute. Gainontzeko ehunekoa kolektibo jakin batzuen parte izango da, hala nola 35 urte edo beherako pertsonak, gutxienez 6 hilabetean lan-eskatzaile gisa izena emandako 45 urtetik gorako pertsonak, 55 urtetik gorakoak, denbora luzez lanik gabe egon direnak eta gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak. Gainera, kontratatutakoen % 40, gutxienez, emakumeak izango dira. Saiatuko gara emakumeak ehuneko hori baino gehiago izan daitezen lehenesten; izan ere, emakumezkoen langabezia-tasa % 18.3 da; gizonezkoena, berriz, % 16. Hau da, 2,3 puntu gorago. Horregatik hiri-agenteen programa emakumezkoentzat da soilik.