Albisteak

 

Abanto Zierbenako enpresek, hirugarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako Udalak langabeak kontratatzeko ematen dituen laguntzak eska ditzakete abenduaren 31ra bitartean.
Iaz, Abantoenpresari esker, 14 kontratu lagundu ziren diruz, eta horietatik 11 mugagabe egin zituzten. Aurten, 2016an, udalak 55.000 euro emango ditu diru-laguntzatan, enpresek langabe abantoarrak kontrata ditzaten.

Programa hori Lanbideren Tokiko Ekintza Planen barruan gauzatuko da.

“Enplegua sustatu behar dugu, eta udalerriko enpresak ditugu horretarako biderik onena. Horrela, gure herritar langabeek herrian bertan lanpostu bat eskuratzeko beste aukera bat izango dute. Abantoenpresarekin batera, etekina aterako diogu gure enpresa-sare handiari, lan-eskaintzak sortzeko”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Programaren bidez, Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak merkatu arruntera bideratu nahi dira. Hori helburu, langabeok kontratatzeko laguntza emango zaie edozein forma juridikotako enpresei, saltokiei eta profesionalei, baita egoitza fiskala edo soziala edo lantokiren bat Abanto Zierbenan daukaten irabazi-asmorik gabeko erakundeei, elkarteei edo fundazioei ere. Kontratuak gutxienez hiru hilabetekoak eta gehienez hamabikoak izango dira, eta edozein kontratazio-modalitate gauzatu ahalko da, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratazioa izan ezik. Kontratuak lanaldi osokoak zein partzialekoak izan daitezke, baina, betiere, lanaldiaren % 50ekoak gutxienez. Enpresek, kontratuak egin eta udalaren diru-laguntza jaso ahal izateko, Abanto Zierbenan erroldatuta eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontratatu behar dituzte nahitaez.

Enpresei asko jota 4.800 euro emango zaizkie lanaldi osoko eta hamabi hilabeteko edo gehiagoko kontratu bakoitzeko. Halaber, gutxienez 600 euro emango zaizkie % 50eko lanaldi partzialeko eta hiru hilabeteko kontratu bakoitzeko. Diru-laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango, eta kasuan-kasuan sortzen den enplegu bakoitzerako zehaztutako zenbatekoa emango da. Diru-laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du gainditu kontrataturiko pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75. “Laguntzak eskuratzeko eskaeren izapideak http://www.abanto-zierbena.eus webgunean egin daitezke, edo, bestela, Toki Garapenerako Agentzian bertan”, esan du Etxebarriak.

Eskaera-orriak eta beharrezko agiriak Toki Garapenerako Agentziaren bulegoetan aurkeztu behar dira, Bizkaia plazan. Eskaerak aurkezteko epea hasita dago, eta 2016ko abenduaren 31n bukatuko da. Laguntza-eskaerak ebazteko, eskaerak erregistratu zireneko hurrenkera zorrotza hartuko da kontuan, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osorik badago, eta aurrekontuetan horretarako ezarritako kreditu-mugaraino (55.000 euro).

Abanto ekintzaileak

Abanto Zierbenako Udalak, baina, harago joan nahi du udalerrian enplegua bultzatzeko bidean. Hori dela eta, Abanto Ekintzaileak jarri du martxan, hau da, enpresa berriei laguntzeko programa bat. Lau urte dira egitasmo hori herrian abiatu zenetik, eta emaitza gisa, kasurako, iaz hamabi enpresa berri lagundu ziren diruz.

“Abanto Ekintzaileak programaren helburu nagusia da herriko ekintzaileei laguntzea eta udalerrian enpresa-jarduera sortzea, langabeziari modu aktiboan aurre eginez. Horretarako, diru-laguntza bat emango da enpresa eratu eta hasierako inbertsioa egiteko izapideetarako”, azaldu du Etxebarriak.

Aurten, 10.000 eurotik 12.000 eurora handitu da programa horretarako diru-saila (soilik Udalak jarri du diru hori).

“Guk lehentasuna ematen diogu herritarren ongizateari, eta, garbi dago: lanik gabe ez dago ongizaterik. Enpresa propioa sortzera ausartzen diren horiei guztiei lagundu nahi diegu, horrek lana ekartzen duelako. Horregatik, haien alde egingo dugu, haien ekimenaren eta ausardiaren alde”, adierazi du alkateak.

Abanto Ekintzaileak programarekin, ekintzaileek enpresa sortzeko hasierako oztopoak gainditu ahal izango dituzte.

Itzuli beharrik gabeko 1.000 euroko laguntza ezarri da (gehienez ere 1.100 eurora arte areagotuko da emakumeen kasuan), gizarte- eta zerga -egoitza Abanto Zierbenan duten enpresak abian jartzetik eratorritako gastuak diruz laguntzeko. “Gaur egungo langabe gehienak emakumeak dira, eta horrexegatik eman nahi diegu haiei aparteko laguntza hori”, argitu du Etxebarriak.

Enpresa berriei emandako laguntzen zenbateko metatuak aurrekontu xedatua gainditzen badu, diru-kopurua aurkeztu diren enpresen artean banatuko da, eta emakumeek sortutako enpresei % 10 gehiago emango zaie.

Eskaera-orriak eta beharrezko agiriak Enplegu eta Toki Garapenerako Agentziaren bulegoetako erregistroan aurkeztu behar dira (Bizkaia plaza, 5), urriaren 31ra bitartean.

Honako gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira: negozioa jarriko den lokalaren alokairua, negozioa jarriko den lokala egokitzeko obrak, edo erositako ekipamendua.

Laguntzak jasotzen dituztenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: jarduera ekonomiko bati ekitea Abanto Zierbena udalerrian 2015eko azaroaren 1etik 2016 urriaren 31ra bitartean, edo enpresa-establezimendua eta zerga-egoitza Abanto Zierbenako udal-barrutian edukitzea. Era berean, eskatzaileak enplegua lortzeko edo hobetzeko eskatzaile gisa izena emanda egongo dira Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman aurretik gutxienez hilabete batez. Horrez gain, eginda eduki beharko dute Abanto-Zierbena Zerbitzuak SLk antolaturiko Enpresak Sortzeko Ikastaroa, betiere ikastaroa egiteko aukera izan badute eta ez badute adierazi ikastaroa ez egiteko ezinbesteko arrazoirik. Azkenik, eginda eduki beharko dituzte negozio-plana eta tutoretza- eta aholkularitza-saioak Abanto Zierbenako Toki Garapenerako Agentziarekin, besteak beste.

“Joan diren urteetan, egitasmo honek izugarrizko arrakasta izan du. Guk, laguntza hauekin, herritar ekintzaileei laguntzen diegu argi eta garbi, lanari ekiten, martxan jartzen, ametsak betetzen edota errealitatea aldatzen, eta hori beti da onuragarria”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.