Albisteak

 

Azaroaren 25ean, gizarteak agerian utziko du indarkeria matxista erabat gaitzesten duela. Beren bikotekide edo bikotekide ohiek eraildako emakumeen kopurua kezkagarria da oso; 42 emakume hil dira aurten genero-indarkeriaren ondorioz.

 “Azaroaren 25ean (ostirala), Abanto Zierbenako Udalak erakunde-ekitaldia egingo du 18:30ean, Gallartako Eusko Gudariak plazan, genero-indarkeriaren kontra hartu dugun konpromiso irmoa adierazteko. Halaber, herritarrei dei egiten diegu euren etxeetan eta dendetan puntu lila bat jar dezaten, egitasmo hau babeste aldera. 5 minutuko isilunea egingo dugu, beren bikotekideek edo bikotekide ohiek hil dituzten emakume guztien omenez. Borrokan jarraitu behar dugu, gizonen eta emakumeen arteko errespetua eta berdintasuna lortzeko”, adierazi du Meatzaldeko udalerriko alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udalak egun honekin bat egingo du, eta hainbat jarduera gauzatuko ditu. Lehenik eta behin, Zero Tolerantzia kanpaina kaleratuko du, eta, horretarako, ipuin ez-sexistak kontatzeko tailer bat egingo da helduentzat. Azaroaren 24an (osteguna) egingo da, Las Carrerasko liburutegian. Tailer horretan landuko dira, besteak beste, haur- eta gazte-literaturako estereotipoak eta egunerokotasuneko zenbait objektu sexu bati edo besteari lotzeko joerak.

Horrez gain, Tartekari Sarea izeneko kanpaina jarri da abian; Bizkaiko Foru Aldundiaren programa hori 2012an sortu zen, beren bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei laguntzeko asmoarekin, indarkeria-egoera horretatik ateratzeko behar dituzten bitarteko eta zerbitzuei buruzko orientazioa emanez. Sarea Bizkaiko hainbat elkarterekin lotura duten emakumeek osatzen dute, eta Emelka elkarteak bertan parte hartzen du 2013tik.
“Udaletik, programa honi buruzko informazioa zabaltzen ari gara, webgunearen bidez. Garrantzitsua da emakumeek jakitea indarkeria-zirkulu horretatik irteteko laguntza badutela; itxaropena dagoela eta ez daudela bakarrik”, azpimarratu du Etxebarriak.

Emakumeak gizartean duen zeregina agerian jartzea eta horri buruz sentsibilizatzea da azaroaren 25eko xedeetako bat; izan ere, “ez ezetz da”. Horren harira, azaroan berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako pankartak egongo dira ikusgai udalerriko hainbat lekutan.

“Genero-indarkeriaren biktimei babesa eman nahi dietenek, leihoetan jartzeko binilo moreak eskura ditzakete Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan”, jakinarazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udalak Beldur Barik Jarrera programarekin lan egiten jarraitzen du. Horren baitan, egungo desberdinkeria agerian jartzen duten eta emakumeentzako mundu hobe baten alde egiten duten artelanen tokiko lehiaketa bat egin da; irabazleen izenak azaroaren 30ean jakingo ditugu.

Gazteei arreta berezia eman behar diegu borroka honetan; gizartearen etorkizuna dira, eta, horregatik, beren jarrerei buruz hausnartu behar dute, desberdinkeriatik urrundu eta errespetuan oinarritutako hezkuntza jaso.

“Gaztetxo askok uste dute beren bikotekideak kontrolatzea eta haien mugikorrak miatzea normala dela, eta hori egitea bikote-harreman baten parte dela. Alabaina, esan behar diegu hori ez dela horrela eta oso oker daudela; maitasuna askatasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarritzen da. Hori dela eta, autodefentsa birtualerako tailer bat jarri dugu abian. Hain zuzen ere, abenduaren 14an (asteazkena), 12 eta 17 urte bitarteko gazteak Gaztegunera gertura daitezke, sare sozialen erabilera oker eta kaltegarriari aurka egiteko”, azaldu du alkateak.

Horrez gain, Gazteguneko azaroko egitarau osoa (antzerkia nahiz zinema) Beldur Barik programaren baitan egingo da. Gabonetara begira, eta etxeko txikienen opariak direla-eta, jostailu ez-sexistak eta indarkeria sustatzen ez dutenak erosteko gida bat atera da. Gida horiek Lehen Hezkuntzako ikastetxeetara bidaliko dira, 5 eta 8 urte arteko haurrak dituzten familiei bana diezazkieten. Bestalde, abenduaren 3an (larunbata), “Haur jolasa” izeneko ipuin-kontaketa antzeztu bat egingo da Gallartako ekitaldi-aretoan.

“Azaroaren 27an (igandea), Muskizen, emakumeenganako indarkeriaren aurkako Meatzaldeko XIV. Martxa egingo da, herritar guztientzat. Den-denak animatu nahi ditugu martxarekin bat egitera eta oinez emakumeenganako indarkeriazko jarreren aurkako arbuioa adieraztera. Doako autobusak egongo dira Gallartatik, Las Carrerastik eta Sanfuentestik, eta martxa hamaiketan hasiko da”, jakinarazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbena emakumeenganako indarkeriaren aurka.