Albisteak

 

Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak bisita egingo die Meatzaldeko udalerriko enpresei, haien egungo egoera ezagutzeko. Horrela, hobetu egingo da Udalak bertako enpresariekin duen harremana, gertukoago eta praktikoago bihurtuko baita.

“Oso onuragarria izan daiteke Udalaren eta udalerriko enpresa-sarearen artean harreman zuzena izatea, hau da, aurrez aurrekoa. Alde batetik, mahai gainean jarri ahal izango dugulako gure herriko langabeen egoera, haientzako enplegu-aukerak bilatze aldera. Beste alde batetik, Udalak, ahal duen heinean, lagundu egin nahi die enpresariei” azaldu du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako alkateak batez ere gertutasuna eta babesa eman nahi die enpresariei bisita horien bidez. Hasteko, 3 enpresa bisitatuko ditu aste honetan. Hamabost egunean behin egingo ditu bisitaldiak.

Ez da udal-gobernuak horrelako egitasmo bat martxan jartzen duen lehen aldia; are gehiago, azken hiru urteotan 40 enpresari egin die bisita urtean, batez beste.

Bilera hauetan, ekonomia- eta enplegu-sustapeneko zinegotziak eta tokiko garapenaren arduradunak hartu dute parte. Hala ere, beste bultzada bat eman nahi zaio Udalak enpresa-sektorearekin duen konpromisoari, eta, hori dela eta, Etxebarriak egingo ditu oraingo bisitak.

“Udalak enpresak babesteko eskaintzen dituen programak ezagutarazi nahi dizkiegu” adierazi du alkateak.

Enplegu eta Lehiakortasun Planari esker emango den beste pauso bat da hori. Duela hiru urte sortu zen plana, eta Abanto Zierbena udalerriko enpleguaren eta ekonomia-sustapenaren politikaren euskarria da.

2012-2015eko Enplegu eta Lehiakortasun Plana egin izanak agerian uzten du Meatzaldeko Udalak oraingo egoera ekonomikoak sortu dituen arazoak konpondu nahi dituela, bereziki langabezia-tasaren igoerari lotutakoak, hori izan baita ondoriorik ikusgarriena.

Planaren ardatza udalerriko egoera sozioekonomikoa da, eta horren diagnostikoa egiten du. Planaren helburua da ekintzak antolatzea lan-merkatua dinamizatzeko, enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea sustatzeko, udalerrian egonkortasun ekonomikoa izatearen alde lan egiteko eta enplegua sortzeko behar diren baliabideak ezartzeko.
“Gaur egun 198 enpresa ditugu Abanto Zierbenan. El Campillo industrialdean ehun konpainia baino gehiago daude; Abra Industrial inguruan, 18. Horrez gain, enpresa-hazitegian 12 entrepresa daude, eta udalerriko gainerako lekuetan beste 40 baino gehiago. Enpresa-sare handi eta aberatsa dugu, eta oso harro gaude horretaz. Enpresa hauek lana eta bizitza ematen diote herriari, eta indartsu nahi ditugu etorkizunean” azaldu du Etxebarriak.

Tokiko enpresak dira enpleguaren egoera hobetzeko eragile nagusiak, eta horregatik eman nahi die laguntza Udalak, diru-laguntzei buruzko aholkuak eta informazioa emanez eta teknologia berriak eskuratzeko laguntza emanez. Beste erakunde batzuekin lan egiten da, enpresa-jarduerari lagunduko dioten proiektuak gauzatze aldera.

Halaber, lehiakortasunari buruzko hogei diagnostiko inguru egiten dira udal-enpresetan.
“Udalak dituen tresna guztiak jarri nahi ditugu enpresen eskura, lehiakorragoak izan daitezen eta krisiari aurre egin diezaioten” esan du Etxebarriak, amaitzeko.