Albisteak

 

Urtea amaitzear den honetan, balantzea egitea dagokigu. 2015eko azken lauhilekoan ere, Abanto Zierbenako Udalak erakutsi du konpromisoa duela tokiko merkataritzarekin.

Urriko Burdin Jaia Festek bultzada izugarria eman zien herriko saltokiei: merkatariak buru-belarri aritu ziren erakusleihoak meatzaritzaren inguruan apaintzen eta azokan bertan saltokiak jartzen, eta ekitaldi garrantzitsu horretatik onura ateratzen jakin zuten. Herritarren ekintza gogokoenetako bat, dudarik gabe, Meatzari Pintxoen Lehiaketa da: badu laugarren urtea, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du.

“Lehiaketa honekin, herriko ostalaritza-lokalak sustatzen dira, herritarrek gehiago kontsumitzen dute eta ostalaritza suspertu egiten da, Meatzari Pintxoa bandera gisa jarrita” azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak. Hamaika establezimenduk parte hartu dute, eta bezeroek hautatu dituzte irabazleak. Aurten, hauek izan dira garaile: lehenengo, Arlea Kafetegia; bigarren, Harrigorria Kultur Elkartea Herriko Gallarta; eta hirugarren, Abantoko Batzokia.

Bestalde, urriko azken astean, merkatarientzako “E-ospea: social mediak erosteko orduan duen eragina” ikastaroa eman zen, eta 8 saltokik parte hartu zuten. “Ikastaro oso interesgarria da merkatarientzat; izan ere, zer-nolako irudi komertziala duten jakiteko jarraibideak ematen zaizkie, eta saltzen duten produktuarekin bat datorren irudia osatzen ikasten dute” adierazi du Etxebarriak. Orobat, Meatzaldeko merkataritza- eta ostalaritza-sektorearen inguruko beste jardunaldi batzuk ere egin ziren, Osakidetzaren eta Toki Garapenerako Agentziaren eskutik.

Nolanahi ere, merkataritza sustatzeko egitasmo guztien artean, neguko merkataritza-bonua da nabarmenena: 48 orduan baino gutxiagoan amaitu ziren 500 bonuak”. Bonuaren bidez, saltoki txikiak bultzatzen dira, eta, gainera, bezeroek % 33ko deskontua jasotzen dute erosketetan. Merkatari askok esan digute horri esker gainditu dutela neguko kanpaina, gehiago saldu baitute” azpimarratu du alkateak.

39 saltokik bat egin dute neguko merkataritza-bonuaren egitasmoarekin. Ildo horretatik, aipatzekoa da Berriz-Enpresak egiten duen lana: Euskadiko enpresei merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan barneratzen laguntzeko zerbitzua ematen du. Jardunaldi batzuen bidez, negozio bat eskualdatzeko edo erosteko jarraibideak eman zaizkie partaideei. Enpresak laguntza pertsonalizatua ematen du, doan eta isilpean.

Merkakale

Igande honetan, azaroak 29, goizeko hamarretatik arratsaldeko hirurak arte, Merkakale egingo da Gallartako Txikito Frontoian. Azoka horretan, hain zuzen ere, herriko saltokiek prezio berezietan eskaintzen dituzte beren produktuak”. Herritarrak Gabonetako opariak herrian erostera animatu nahi ditugu, eta hau pare-pareko aukera dute horretarako” adierazi du Etxebarriak.

Horrez gain, merkatariei laguntzeko beste programa bat ere badago: Comercioelectrónico.eus, SPRIk eta Toki Garapenerako Agentziak elkarrekin abiaturikoa. Programak txikizkako merkataritza du ardatz (zerbitzuak eta ostalaritza izan ezik), eta egungo bezeroengana zein bezero potentzialengana Internet bidez iristeko aukera ematen du. Egitasmo horrekin, Interneteko lehiakortasuna modu erraz, bizkor eta erabatekoan hobetu nahi da. Aholkularitza eta ezarpen integrala jasoko dute merkatariek, 5 lan-saiotan, guztiz doan.

Merkataritza Dinamizatzeko Planaren barruan, “Saltokientzako Gabonetako oparia” kanpaina dago. Horrekin, saltoki eta ostalaritza-lokalei Gabonetako opari bana emango zaie, apaingarri gisa jarri eta jai-giro atseginagoa sor dezaten.
“Ekarpen txiki horrekin eta Gabonetako argiekin, gure herriaren irudi komertziala indartu nahi da, establezimenduak arretagune bihurtu eta jendearen erakargarri izan daitezen” esan du alkateak.

Gabon hauetan, erakusleihoak behar-beharrezkoak izango dira herria biziberritzeko, eta, horrexegatik, berriro ere martxan jarri da Gabonetako Erakusleihoen eta Barne-dekorazioaren XVI. Lehiaketa.

Hala, abenduaren 9tik urtarrilaren 6ra, erakusleihoak jai-giroz eta sormenez beteko dira. Gabonetako erakusleiho eta barne-dekorazio onenak eta jai-giroa hobekien islatzen dutenak sarituko dira. Sariak abenduaren 21ean banatuko dira, 20:30ean, Gallartako Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan.

Azkenik, enpresak sortzeko eta kudeatzeko ikastaro bat emango da enpresen haztegian, abenduaren 9tik 22ra. Enpresa propioa sortu nahi duten eta proiektu bat daukaten Abanto Zierbenako ekintzaileentzat izango da, bai eta enpresa arrakastaz kudeatzeko behar den guztia ikasi eta negozio-ideia bat sortu nahi dutenentzat ere.

“Ekintza hauek guztiak ikusirik, garbi dago Udal honek tokiko merkataritzaren alde diharduela. Konpromiso irmoa dugu herriko saltoki guztiekin, eta betetzen ari gara” esan du, amaitzeko, Etxebarriak.