Albisteak

 

Azaroaren 25a indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko eta gizarteko izurri horrekiko erabateko arbuioa adierazteko eguna da. Aurten, Espainiako estatuan, 48 emakume erail dituzte euren bikote edo bikotekideek. Kopuru ikaragarria da hori, eta argi uzten du berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokan jarraitu behar dugula.

“Azaroaren 25ean, asteazkenean, Abanto Zierbenako Udalak erakunde-ekitaldi bat egingo du 18:30ean, Gallartako ekitaldi-aretoan, genero-indarkeriaren kontra hartu dugun konpromiso irmoa adierazteko. Halaber, herritarrei dei egiten diegu euren etxean eta dendetan puntu lila jar dezaten, egitasmo hau babeste aldera” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udalak egun honekin bat egin, eta hainbat jarduera egingo ditu. Lehenik eta behin, Zero Tolerantzia kanpaina abiatuko du, eta, horretarako, ipuin ez-sexistak kontatzeko tailer bat egingo da helduentzat. Azaroaren 26an izango da, ostegunean, Las Carrerasko liburutegian.

Horrez gain, “Abanto Zierbena: Vidas de mujer” erakusketa jarriko da. Helburua da emakumeak gizartean duen garrantzia behar bezala ikusaraztea eta horren inguruko sentsibilizazioa zabaltzea. Las Carrerasko Emelka Emakumeen Elkarteak eta Dolores Ubarruri elkarteak Meatzaldeko Udalarekin batera antolatu dute erakusketa, eta azaroaren 23tik 29ra ikusi ahal izango dute herritarrek, Las Carrerasko Haritzalde Aretoan.

““Porque no es no, ez ezetz da dioten pankartak udalerriko hainbat lekutan jarri dira azaroan, berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra” azaldu du Etxebarriak.

Gallartako Liburutegian, berriz, jendaurrean irakurriko dira “Con Voz de mujer” programaren barruan antolatutako udalaren sormen-idazketa tailerrean eginiko lanak. Indarkeria sexistaren aurkako irakurketak izango dira, eta azaroaren 27an (ostirala) egingo dira. Halaber, haurrentzako eta gazteentzako irakurgai ez-sexisten gida bat bidaliko zaie lehen hezkuntzako ikastetxeei.

“Azaroaren 29an, igandea, Zierbenan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako Meatzaldeko XII. Martxa egingo da, herritarrek galdu ezineko aukera, alegia. Herritar guztiei dei egiten diegu martxarekin bat egitera eta oinez emakumeenganako indarkeriazko jarreren aurkako arbuioa adieraztera” adierazi du Etxebarriak.

Berdintasuna hezurretaraino

Tokiko administrazioak erronka garrantzitsua du aurrera begira: politika eta antolakuntza berdintasunaren printzipiora egokitzea. Hori dela eta, martxan jarri behar ditu generoaren zeharkakotasun-estrategiak udal-jarduketa guzti-guztietan. Horretarako abiatu da, hain zuzen, “Berdintasuna hezurretaraino – Igualdad hasta los huesos” kanpaina, “Abanto Zierbena: ciudadanía con valores” Udalaren jarduketa-programaren barruan.

Kanpaina honek edozein esparrutan eta edozein kolektiborekin berdintasunaren arloan egiten diren udal-ekintza guztiak bilduko ditu.

Helburua da elkarbizitza-eremu osasungarri, eraikitzaileak eta ez-suntsitzaileak sortzea, norberarekiko eta inguruko pertsonekiko begirunean oinarritutakoak. 2016an mahai gainean jarriko dugun proiektu handi eta garrantzitsu honen bidez, gazteentzako, gizonentzako, adingabeentzako eta elkarteentzako hainbat jarduera egingo dira, askotariko eremuetan; besteak beste, festetan, ikastetxeetan, kirol-guneetan eta Gaztegunean.