Albisteak

 

Azaroaren 22an (igandea) Triano Eskolarteko Krosa egingo da berriro ere Trianoko zelaietan. Kirol-esperientzia dibertigarria eta osasungarria, inondik ere, udalerriko gazteentzat.

“Arrakasta handia izaten du urtero, eta Udal honek beti babestuko du egitasmo hau; izan ere, balio onak sustatzen ditu” azaldu du Maite Etxebarriak, Abanto Zierbenako alkateak.

Sendoa Atletismo Klubak antolatzen du proba; duela 25 urte baino gehiago sortu zuen kluba udalerriko lagun talde batek. Urte horietan guztietan, lan handia egin du klubak herrian, oro har kirola eta zehazki atletismoa sustatzen eta zabaltzen.

Duela 9 urte antolatu zuen lehen aldiz lasterketa hau, gazteek kirola ohitura osasungarrien erdigunean jar zezaten eta balio egokiak ikas zitzaten. Era berean, lasterketa honen bidez, klubak udalerriko auzo guztietara iristea lortu zuen: Las Carreras auzoan ere antolatu zuten kirol-jarduera, eta, horrez gain, Sanfuentes auzoan Seranteserako Igoera eta Gallartan Ricardo Estébanezen Memoriala ere egin zituzten.

Orain Trianoko zelaietan egingo da zirkuitua, inguru zoragarrian, eta hainbat kategoria eta ibilbide egongo dira parte-hartzaileentzat. Azken edizioetan, gazte ugarik hartu dute parte eskolarteko krosean; azken urtean, 850 atleta baino gehiago izan ziren.

“Gozatu egiten dute aire zabalean, beste udalerri batzuetako lagunak topatzen dituzte… Oso giro osasungarria sortzen da lehiaketa honetan” adierazi du Etxebarriak. Goizeko hamaiketan hasiko da Triano Eskolarteko Krosaren aurtengo edizioa.