Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak bat egin berri du Bizkaiko Foru Aldundiak Cortaderia selloana landarea (jendeak panpa-belarra esaten dio) kentzeko abiatu duen programarekin.

Hala, Meatzaldeko udala eta Aldundia espezie inbaditzaile hori gure lurraldetik desagerrarazten ahaleginduko dira, landarea bera urrituz eta hedatzea galaraziz, hemengo paisaia eta landaredia kontserbatze aldera.

“Aldundiak jakinarazi digunez, 5 udalerrik dihardugu oraintxe bertan programan: Muskizek, Zierbenak, Galdamesek, Sopuertak eta Abanto Zierbenak” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Informazio-triptiko bat jarri da udalerriko etxe guztietako postontzietan, herritar guztiek jakin dezaten debekatuta dagoela, legeari jarraikiz, espezie inbaditzaileen katalogoan dagoen landare hori edukitzea. Halaber, herritarrek gogoan izan behar dute lursail guztietatik kendu behar dela, eta horretarako jarraibideak eman dira.

 “Espezie honek kalte larriak eragiten ditu paisaian; batez ere hazien bidez transmititzen da, eta haziok landareen sorterritik kilometro askora garraia daitezke” esan du Etxebarriak. Hego Amerikan du jatorria landareak. Gaur egun, gure lurraldean gehien hedaturiko espezie exotikoetako bat da. Motots bakoitzak milaka hazi ekoizten ditu, eta haziok haizeak, urak eta ibilgailuek garraiatzen dituzte hainbat eta hainbat kilometroz.

Udala hasia da herriko lursailetan dauden landare batzuk kentzen, eta, era berean, landarea kentzeko eskatuko die espezie hori dagoen lursailen jabeei, hala partikularrei nola enpresei eta beste administrazio batzuei. Gallartako herrigunetik hastea erabaki da, eta ondoren udalerriko gainerako tokietan jardungo da.

Lursailetan ale handiak dituzten partikularrek, ezin badute espeziea kendu, Udalari azaldu ahal diote beren egoera. Hartara, Udalak laguntza eman ahal izango die, betiere etorkizunean espezie hori lursailetik kentzeko konpromisoa hartzen badute. Aldundiak, gainera, horretarako babesa ematen du.

“Hala Udala nola udalerriko enpresaren bat edo beste hasi dira dagoeneko aleak ateratzen; sustraitik atera behar dira” azaldu du alkateak.

Hainbat aholku eman dituzte espeziea kentzeko. Esaterako, eskularruak erabili behar dira, hostoek ebakiak egin baititzakete, eta ale gazteak eskuz atera behar dira. Horrez gain, lurra hezea dagoela aprobetxatu behar da, errazago kentzeko; bestela, aurretik urezta daiteke lurra. Landare ertainak kentzeko, berriz, hobe da aitzurra erabiltzea. “Mototsak” agertu bezain laster moztu behar dira, eta zorro batean gorde, haziak ez zabaltzeko; gainera, landarea ez da astindu behar. Aitzurra erabiliz eta pazientzia izanda, sustrai-lurra lurpetik atera behar da, lurrean sustraien arrastorik utzi gabe. Landareak astunak eta handiak izan daitezke; bada, kasu horietan, aukera bat da sustrai-lurra buruz behera jartzea lur gainean (sustraiak goraka dituela), lehortu arte. Bestalde, kontuz ibili behar dugu ernaberritu ez daitezen.

Landare hori oso erraz hedatzen da, eta, beraz, garrantzitsua da eragindako jabe guztiek aldi berean ezartzea espeziea desagerrarazteko neurriak, gehiago heda ez dadin. Hori dela eta, Udalak ahalegina eskatzen die eraginak jasan ditzaketen herritar guztiei, eta eskerrak ematen dizkie horregatik.