Albisteak

 

Abanto Zierbena udalerriak adinekoekin lagunkoi bihurtu nahi du; horregatik, iragan asteazkenean (apirilak 5), 110 lagunen aurrean aurkeztu zen proiektua, eta orain arte egin diren urratsak azaldu zitzaizkien. Abanto Zierbenak adinekoen ongizatearekin konpromisoa duela berretsi du, eta adinekoekin lagunkoia den udalerrien bereizgarria lortu nahi du.

“Ekitaldian udalbatzakoak izan ginen, baita Meatzaldeko elkarte-ehuneko hainbat ordezkari, alkate, zinegotzi eta Eusko Jaurlaritzako gizarte-zerbitzuen zuzendari Emilio Sola ere. Hantxe izan zen, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Autonomia Pertsonalaren Sustapeneko zuzendari nagusia, Sergio Murillo. Bilera ederra izan zen, eta bertan adinekoak izan ziren protagonista» azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Udalerriko erretiro-elkarteetako kideak, alargunak eta pentsiodunak arduratu ziren Abanto Zierbenak hiri lagunkoien zerrendan lekua hartzeko prozesua argitzeaz.

Adinekoekin lagunkoia den hiria da haien zahartze aktiboa sustatu nahi duena, parte-hartzearen bidez, osasun-egoera hobetuz eta inguruko segurtasuna handituz, adinean aurreratuta daudenen bizi-kalitatea areagotzeko, bai eta, ondorioz, herritar guztiena ere.

Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien Programa nazioarteko ekimena da, eta hiriak prestatzen laguntzeko asmoa du, mundu osoko bi joera demografikori aurre egiteko: biztanleriaren zahartze azkarra eta urbanizazioa.

“Adinekoekin lagunkoiak diren hiriak” proiektua Gerontologiari buruzko XVIII. Mundu Biltzarrean sortu zen, Rio de Janeiron (2005), eta OMEko A. Kalache-k eta L. Plouffe-k garatu zuten globalki.
“Abanto Zierbenako Udalak hainbat jarduera egin ditu herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko: adibidez, irisgarritasun-plan eguneratua; udal-ekintzako plana Tokiko Agenda 21 ekimenaren esparruan, 2020. urtera arte indarrean; Pentsa Abanto 2020 proiektua, hasteko dauden 12 proposamenekin; eta udalerriko berdintasun-plana, gaur egun ebaluazio fasean, edo hiri-diagnostikoa genero-ikuspegitik egiteko ekimena. Baina, horrez gain, adinekoen ongizaterako berariazko ekintzak ere gauzatzen ditugu: horra hor, esaterako, adinekoen etxebizitzetan su-detektagailuak ezartzeko ekintzak; Zainduz programa, mendekoei eta haien senideei laguntzekoa; erlaxazio fisiko eta mentalerako programa, eta udalak bero- nahiz hotz-boladen aurka ematen dituen abisuak. Gogoan dugu haiek aisialdiaz albait hoberen gozatzeko aukera ere, eta urte osoan zehar dantzaldiak antolatzen ditugu elkarteen egoitzetan, baita jarduera-zerrenda luzea ere; izan ere, konpromiso nabarmena, erreala, dugu gure herritar urtetsuenen ongizatearekin» adierazi du Etxebarriak.

Zahartze aktibo eta osasuntsua funtsezkoa da udal-plan berrian. Hainbat fasetan banatuta dago, eta gutxienez bost urte beharko dira hura gauzatzeko. Abanto Zierbenak dagoeneko eman du izena adinekoekin lagunkoiak diren hiriren sarean, baina hori ez da nahikoa; gogor egin behar da lan, eta baterako hainbat ekintza gauzatu behar dira hori lortzeko.

Meatzaldeko udalbatzak lankidetza-hitzarmena sinatu du Deustuko Unibertsitateko “Ageing Research” gerontologia taldearekin, adinekoekin parte-hartze bidezko ikerketa-proiektu bat egiteko, norberaren ahalduntzearen esparruan.

Dagoeneko 17 herritarrek hartu dute proiektuan parte hartzeko konpromisoa. Udalerriko adinekoen hiru elkarteetako kideak dira. Elkarteetan hainbat bilera eta aurkezpen-jardunaldi egin dira laneko plan interesgarri hori ezagutzera emateko. Helburua da tresnak hautematea eta abian jartzea, adinekoek zahartze aktiboa eta kalitatekoa izan dezaten.

Deustuko Unibertsitateak bi urteko konpromisoa hartu du proiektu honekiko; udalerriaren lagunkoitasun-mailaren diagnostikoa egin, eta ekintza-plana prestatuko du. Fase batean baino gehiagoan gauzatuko da, eta 18.000 euroko inbertsioa egin beharra ekarriko dio udalaren diru-kutxari.

Joan den otsailaren 11n, informatzeko jardunaldi bat egin zen Meatzaldeko udaletxean, hiri lagunkoiaren titulua lortzeko planaren berri emateko. Abanto Zierbenako adinekoen hiru elkarteak ez ezik, Bizkaiko adinekoen elkarteen federazioa (Nagusiak) ere bileran izan zen. Horiez gain, bertan izan ziren Hartu-Emanak elkartea, Deustuko Unibertsitateko irakasle bat, proiektuko prestatzaile gisa, eta Udalaren beraren arduradun tekniko eta politikoak.

Abanto Zierbenak adinekoen hiru elkarte ditu: Gallartakoak 384 kide ditu, Sanfuentesen 270 bazkide elkartu dira, eta Las Carreresen, 250. Oraintxe bertan, Abanto Zierbenan, 65 urtetik gorako 1.645 gizon daude, eta ia mila emakume.

Horixe da abiaburua, Abanto Zierbena laster asko bihur dadin benetan adinekoen lagun den udalerri, adin guztien neurrira egindako udalerri.