Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalaren ekonomia- eta finantza-egoera oso ona da. 2018ko ekitaldiaren itxierak Udalaren kaudimena eta orain arte egindako kudeaketa ona argitara atera ditu. Datuek hala diote; izan ere, gastu orokorretarako 1.250.171,41 €-ko gerakina dago.

“Udaleko diru-kutxak eraginkortasunez kudeatu ditugu, guztioi zuzendutako aurrekontu eta proiektuekin; gastuak zaindu ditugu, baina udal-zerbitzuen kalitatea jaitsi gabe. Horregatik itxi ahal izan dugu ekitaldia etorkizunerako jarduketetara bideratu ahal izango dugun milioi bat eurotik gorako soberakinarekin”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Emaitza positibo horri 2018an eginiko inbertsio garrantzitsuetara bideratutako dirulaguntzen aldeko ebazpena ere gehitu behar zaio. Helburu nagusiak irisgarritasuna eta landako auzoen hobekuntza izan dira, eta hori Udalak eginiko kudeaketa onari esker erdietsi da.

“Diru-kopuru estra horren zati bat aurreko urtean proiektu handiak gauzatzeko jasotako dirulaguntzetatik dator. Jarduketa bideragarriak aurkeztearen bidez, finantzaketaren ia % 90 beste erakunde batzuek jartzea lortu dugu, eta ez dadila, beraz, guztia udaleko diru-kutxetatik atera. Dirulaguntza horiek eskuratzeko, lana, elkarrizketa, akordioa eta exekuzio-plan argi eta on bat behar dira, aurrekontuaren babesa merezi duena”, adierazi du alkateak. Guztira, udalerrian eragin handia duten 5 proiektu handik jaso dute udalaz gaindiko finantzaketa, laguntza eta dirulaguntzen bidez.

  1. “Adibidez, Triano eta Picón auzoetako uraren hornidura-sarea handitu dugu, 199.000 euroko zenbatekoan. Eusko Jaurlaritzak, landa-eremuak sustatu eta garatzeko EREIN programaren bidez, 116.000 eurotik gorako dirulaguntza eman zigun, eta Ur Partzuergoak, bere aldetik, 57.567.01 euro eman zizkigun; hau da, guztira, 174.000 euro baino gehiago jaso ditugu dirulaguntzetan”, azaldu du Etxebarriak.
  2. Las Carolinas auzoa berrurbanizatzea. Saneamendua, argiteria eta zolaketa hobetu dira, ia 88.000 euroko gastuekin; obren finantzaketaren % 57 (50.000 euro) Ur Partzuergoak jarri zuen.
  3. “Jarduketa garrantzitsuak gauzatu ditugu irisgarritasunaren esparruan, guztiontzako hobea den udalerria eraikitzeko. Gallartan, El Minero etorbideko igogailu eta pasaguneak alde handia markatu dute herritarren egunerokoan. Horretarako, 288.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan da, baina Eusko Jaurlaritzak obraren % 61 (174.000 euro) finantzatzea lortu genuen.
  4. Kotorrioko aterpetxea birgaitzea. Azpiegitura tradizional horrek eguneratze-lanak behar zituen, eta 166.000 euro baino gehiago behar ziren horretarako. Kasu honetan ere, Udalak Eusko Jaurlaritzaren EREIN programarekin egin zuen bat, 141.000 euroko dirulaguntza bat eskuratuz; eta horrez gain, baita 10.000 euroko beste bat ere, irisgarritasuna sustatzeagatik. Hau da, azkenean, finantzaketaren % 92 estali zen.
  5. Udalerri gisa, gure erronka nagusietako bat erabateko irisgarritasuna lortzea da, eta hori lortzeko lanean ari gara. Konpromiso horren adibide argia da Las Carreraseko María Auxiliadora eremuko aldapa-sistema. Obra hori udalerriko irisgarritasun planaren barruan sartzen da. 276.000 euro bideratu dira jarduketarako, eta horietatik 114.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarri ditu. Guztira, beraz, 500.000 euro baino gehiago eskuratu genituen dirulaguntzen bidez, udalerrian proiektu garrantzitsuei heltzeko eta horiek martxan jartzeko. Horri esker, aurrera egin ahal izan dugu asko gastatu gabe, eta diru-kutxak garbi mantendu, ekimen bat ere bazter utzi gabe”, azaldu du Etxebarriak.

“Kontu saneatuak, zuhurtziaz eta ahalegin handiaz landutakoak; hori da Abanto Zierbenari eskaintzen diogun amaierarik garrantzitsuenetako bat, lortu ditugunak bezain dirulaguntza garrantzitsuak lortzeko ezinbestekoa izan dena”, esan du alkateak. “Superabit hori Abanto Zierbenako bizilagun guztien bizi-kalitatea hobetzeko inbertsio eta proiektuetara bideratuko da”, esan du, amaitzeko, Ogasun Saileko zinegotzi Argiñe De la Cruzek.