Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak berriro ere erakutsi du konpromiso irmoa duela udalerriko elkarte eta taldeekin, inbertsioan eta dirulaguntzetan 65.000 euro baino gehiago erabiltzearen bidez. Zenbateko horri, gainera, beste 80.000 euro gehitu behar zaizkio, elkarte eta taldeekin (IGEak, Meatzaritzaren Museoa, musika-eskola, Sahara…) egiten diren urteko hitzarmenei dagozkienak. Dirulaguntza horien bidez, Udalak babesa eman nahi die udalerriko elkarte guztiek Abanto Zierbenaren alde egiten dituzten ekimen, proiektu eta programei. Halaber, elkarte-sareko lagunek gauzatzen duten etengabeko ahalegina, dedikazioa eta lana aitortzeko balio du.

“Udalerrian egoitza soziala duten taldeentzako dirulaguntzak dira. Diru estra horren bidez, erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamendu-programako jarduerak babestu eta sustatzen dira. Laguntzak eskatzeko epea apirilaren 30ean bukatuko da”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Gazteak, euskara, kirola, berdintasuna, kultura eta gizarte-zerbitzuak dira indartuko diren arloak. Abanto Zierbenako Udalak zabaltzen duen dirulaguntzen paketea oso banatuta dago; aurreko urtean, hogeita hamar bat elkarte izan ziren horren onuradun.

“Udalerrian eta herritarrei begira lan handia eta baliagarria egiten duten elkarteetako bakoitza babesten dugu. Dirulaguntza hauen bidez, oxigenoa eman nahi diegu, urtero bezala beren zereginean erne eta tinko jarrai dezaten; hori da gure helburua”, azaldu du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako elkarte-sarea indartsua da eta ezinbesteko rola jokatzen du herria eta herritarrak dinamizatzeari dagokionez. Gaur egun, 93 elkarte daude udalerrian, askotarikoak. Orain dela gutxi aurkeztutako Elkarteen Gidan 71 elkartek agertu nahi izan dute. Argitalpen horren helburua Meatzaldeko elkarte-sarearen tamainaren eta kalitatearen berri ematea da.

“Eskaera asko espero ditugu”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.