Albisteak

 

Abanto Zierbenako 31 saltokik beren bezeroentzako irakurketa-txokoak eskaintzen dituzten jada, “Irakurri eta Partekatu” proiektuak emandako liburu eta aldizkariei esker.

Merkataritzako zinegotzi Iratxe Etxeandiaren hitzetan, “Abanto Zierbenako Udalean, irakurtzeko ohitura sustatu nahi dugu herritarren artean, eta “Irakurri eta Partekatu” proiektuaren bidez egiten dugu. Pasa den urtean 24 saltokik eta tabernak hartu zuten parte, eta aurten, hogeita hamar saltoki baino gehiagok parte hartzen dute. Fruta-dendan edo arrandegian egindako itxaronaldia askoz atseginagoa eta aberasgarriagoa izan daiteke liburu bat irakurtzen badugu, eta ez dago kafe bat hartzen dugun bitartean nobela bat irakurtzea baino ezer hoberik. “Irakurri eta Partekatu”  familia hazten ari da, eta hori oso positiboa da”.

Proiektu honetan Udaleko hainbat sailek parte hartzen dute, eta Abanto Zierbenako Liburutegien Urteko Programazioan sartuta dago. Proiektuaren helburua da herriko kolektibo guztiak irakurketara hurbiltzea, eta sozializatzeko eta beren aisialdiko denbora igarotzeko baliatzen dituzten lekuetan irakurtzera bultzatzea.

“Gure saltokien sarea erakusten ari da aliatu ona dela irakurketa eta horren onurak sustatzerako orduan. Aurtengo udan proiektuari bultzadatxo bat emateko eskatu ziguten, eta halaxe egin dugu. Gainera, irakurketa-txokoak jarri dira Gallarta eta Las Carrerasko osasun-etxeetan”, adierazi du  Etxebarriak.

Izena eman duen lokal bakoitzak doan jaso du hamar liburu eta aldizkariz osatutako sorta bat, eta horiek beren erosleen eskura jarri dituzte. Gainera, beharrezkoa izan denean, liburuak eta aldizkariak modu egokian jartzeko altzariak ere eman dira.

Erabiltzaileek liburuak eta aldizkariak saltokietan irakur ditzakete, baina etxera ere eraman ditzakete. Ez dago liburuen gaineko kontrolik, eta trukea guztiz doakoa da.

“Irakurketa gure egunerokotasunean sartzean datza, irakurketa gure aisialdiko denboran sartzean. Zerbitzuren bat jasotzeko itxaroten ari garen bitartean, mugikorra begiratu beharrean libururen bati begirada bat eman diezaiokegu, eta kontatzen duen istorioan sartu”, esan du alkateak.

Horrez gain, “Irakurri eta Partekatu” proiektuarekin, herriko liburutegiak (Las Carreras eta Gallartakoak) ezagutzera eman nahi dira. Edozeini irekitako leku hurbilak direla ulertarazi, ez direla bakarrik liburuak mailegatzeko edo irakurtzeko leku lasaiak; liburutegiek sor daitekeen edozein informazio-behar ase dezakete (adibidez, Lanbiden hitzordua eskatzea, Getxora joateko zein autobus hartu, Errenta Aitorpenaren proposamena bidaliko diguten edo ez…).

“Herritarrak animatu nahi ditugu eskura dituzten irakurketa-txokoak erabili eta gozatzera. Halaber, txokoetan beren liburu gogokoenak utz ditzakete, horrela, beste herritarren batek deskubritzeko. Trukatu ditzagun istorioak, eta izan daitezela liburuak gure bizilagun berriak, Abanto Zierbena irakurketa-klub handi bat bihur dadin”, amaitu du Etxebarriak.