Albisteak

 

Aurten ere, zortzigarren urtez, Abanto Zierbenako Udalak udalerrian landatuko diren fruta-arbolen prezioaren % 40 diruz lagunduko du. Diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da, orain arte bezala, udalerrian erroldatuta egotea, eta interesdunek gehienez ere 10 unitate eraman ditzakete etxebizitza bakoitzeko.

“Gure udalerriko etxe askok lorategia dute, eta frutikultura gure bizimoduaren parte da; gure inguruan laranjondoak, limoiondoak, gereziondoak eta abar ditugu, eta horrek horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Horregatik eskaintzen dugu zerbitzu hori Udaletik. Aurten, gainera, arbola mota guztietako espezieen aukera zabala dugu, batez ere sagarrondo eta madariondoena. Aurreko edizioak izandako arrakasta ikusita, fruitu gorrien eskaintza zabalagoa egongo da: andere-mahatsa, mugurdia, masusta eta ahabia. Hiru marrubi aldaera hauek ere egongo dira: Albion, Portola eta Andrea”. Horixe azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Urtarrilaren 7tik (astelehena) 24ra (osteguna) bitartean, udalerriko herritarrek nahi dituzten fruta-arbolak merkeago eskuratzeko eskaera egin ahalko dute, Las Carrerasko Herritarrentzako Informazio Bulegoan, Haritzalde plazan, astearte eta ostegunetan, 12:00etatik 15:00etara. Horrez gain, udaletxeko beheko solairuan dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan ere izapidetu ahalko dute eskaera herritarrek. Halaber, Udalaren webgunean (www.abanto-zierbena.org) eskaerak deskargatzen dituzten biztanleek ere % 40ko deskontua izango dute fruta-arboletan, baldin eta udalerrian erroldatuta badaude.

Fruta-arbolak Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) bertan ordainduko dira. Ordainketa egin ondoren, eskaeraren kopia bat emango da, eskaera izapidetu ahal izateko. Arbolak banatzen diren egunean, interesdunek kopia hori aurkeztu beharko dute, eskatutako aleak jasotzeko.

Fruta-arbolak urtarrilaren 26an, larunbatean, banatuko dira, 09:00etatik 12:00etara, udaletxeko beheko solairuan.

“Arbolak erosi dituztenek eskaeraren kopia aurkezteaz gogoratu beharko dute. Zalantzarik izanez gero, laguntza-telefonora dei dezakete, 944040600 zenbakira. Udalaren helburua da fruta-arbolak udalerriaren irudiaren parte bilakatzea, Abanto Zierbena kolorez janztea; hori dela eta, eskaeran adierazi beharko da erositako arbolak non landatuko diren, arbola horiek udalerrian gera daitezela sustatzeko eta eskatzaileek arbolak beste toki batera ez eramateko”, adierazi du Etxebarriak.

Interesa duten herritarrek, aurretik, zenbateko osoaren % 60 ordaindu beharko dute eta eskaera-orriak horretarako prestatu diren guneetan aurkeztu beharko dituzte urtarrilaren 24a baino lehen, eskaera egin ahal izateko. Baldintzaren bat betetzen ez bada, baliteke eskaera bertan behera uztea. Hala gertatuz gero, eskatzaileari ordaindutakoa itzuliko zaio.

“Gure helburua da abantoarrek beren baratze eta lorategiak birpopulatzea fruta-arbola hauekin, eta lorategi bat eskuratu berri dutenei frutikulturaz gozatzeko eta mundu hori hobetzeko ezagutzeko aukera ematea. Frutikulturaren astearen hamar urteko ibilbidean arbolen kopurua asko aldatu da urtetik urtera. Esaterako, 2015ean ia 700 arbola banatu genituen, baina ale gehien 2013an banatu ziren: 930 arbola. Frutikultura-jardunaldi hauen edizio bakoitzean ehun eskatzaile baino gehiago izan ohi ditugu. 2017an 542 ale banatu genituen”, azaldu du Etxebarriak.

Hauek dira arbolen azken prezioak, BEZa barne eta Udalak bere gain hartutako % 40ko beherapena aplikatuta: Sagarrondoak, udareondoak, mertxikondoak, arbendolondoak, hurrondoak, gereziondoak eta halakoak: unitateko 4 €.

  • Altuera dezenteko zitrikoak (loreontziarekin) eta intxaurrondo txertatuak: 14 €.
  • Pikondoak, kiwiak, kakiak, granadondoak eta halakoak: 7,50 €.
  • Mugurdiak, masustak, andere-mahatsak, marrubiak eta halakoak: 2 €.

Aurreko urtera arte zitrikoak eta kiwiak ziren arrakasta handieneko espezieak, baina fruitu gorriak protagonismo handia hartzen ari dira diruz lagundutako fruta-arbolen banaketa honetan.

“Azken urteetan eskatzaileen kopuruak behera egin du. Hori dela eta, herritarrak animatzen ditugu beren lorategi eta baratzeei bizitza ematera, prezio baxu hauek aprobetxatzera eta beren etxeetan arbolak landatzera; izan ere, usaina eta koloreaz gain, arbola horiek bizitza ere ematen dute”, esan du amaitzeko Etxebarriak.