Albisteak

 

Abanto Zierbenak aurrekontuak herritarren esku utzi ditu bosgarren urtez jarraian. Abanto Zierbenako Udalak aurrekontu parte-hartzaileak sustatu nahi ditu beste behin, eta, horretarako, udal-kontuetako 200.000 euro herritarrek zuzenean aukeratutako plan eta proiektuetarako erabiliko dituzte.

“Harremanetan gaude herriaren eta herritarren beharrekin, eta horri begira jarduten dugu, gehien behar dutenean inbertituz: eskolak erreformatzen, euskara ikasteko dirulaguntzak ematen... Errealitatera egokitutako kontuen alde egin dugu, eta hori soilik herritarren bidez lor daiteke, haiekin zuzenean hitz egiten. Hori da herritarren parte-hartze prozesuarekin aurrekontuetan egiten duguna”, azaldu du Argiñe de la Cruz Ogasun eta Ekonomia zinegotziak.

Edozein pertsonak, elkartek edo erakundek bere proposamenak aurkeztu ahal izango ditu urriaren 14tik 27ra bitartean webguneko formularioaren bidez gaitu diren udal-postontzietan. Iradokizunetan ezingo da proposatu exekuzioa pertsona, erakunde edo talde zehatz batek egitea: izan ere, aurrekontuan gehituz gero, kudeaketa eta izapideak dagokion udal-sailaren esku egongo dira, indarreko legediarekin bat etorriz.

Parte-hartze prozesuarekin bigarren fasean, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proposamenen artean 50.000 eurotik beherako bi proiektu eta 50.001 eta 100.000 euro arteko proiektu bat aukeratuko dira; horretarako, karpak ipiniko dituzte azaroaren 14an eta 15ean Gallartan, Las Carrerasen eta Sanfuentesen.

“Berrikuntza moduan, herritarren laguntzarekin bost urtez kontuak prestatu ondoren, photocall bat instalatuko da azaroaren 15eko karpetan, eta parte-hartzaileek argazkiak atera ahal izango dituzte, ondoren paperean, txapa moduan, ispilu moduan edo iman moduan jasoko dituztenak. 200.000 euro esku artean dituztela, bizilagunek beren arreta egokitzat jotzen duten fokuan jartzea nahi dugu: obrak eta zerbitzuak, gizarte-ekintza, hirigintza, berdintasuna, kultura, herritarren segurtasuna... Edozein udal-arloko proposamenak hartuko ditugu, eta errealitate bihurtu ahal izango dira”, adierazi du Maite Etxebarria alkateak.

Hori bai, hainbat baldintza bete beharko ditu: legala izan beharko du, tekniko eta ekonomikoki bideragarria, interes komunekoa, ezin du izan erabilera eta gozamen pribatu eta partikularrerako, udalerria aberastu behar du eta biztanleen ongizatearen alde egin behar du.

“Urrian zehar aurkeztutako proiektuak aztertuko dira, eta azaroan proposamen bideragarriak aukeratuko dira” jakinarazi du de la Cruzek.

Azaroan botatuko dituzte aukeratutako proposamenak, eta kontsulta herritarrentzat ere irekia izango da.

Boto-zenbaketaren ostean, Udalak babes handiena lortu duten proposamenen zerrenda argitaratuko du, gehienez 200.000 euroko zenbatekoan. Udal-webgunean eta udaletxean argitaratuko da.

“Gertutasuna, gardentasuna, elkarlana eta elkarrizketa dira Abanto Zierbenako aurrekontuen osagaiak, kontuek herritarren beharrekin bat egin dezaten”, adierazi du Etxebarriak.

Parte-hartzean oinarritutako kontu errealak

Duela bost urte, Abanto Zierbenako aurrekontu parte-hartzaileak jaio ziren, eta webguneko inkesta batekin eman zitzaion hasiera proiektuari. 2016an, karpa eta postontzi bidezko parte-hartzea gehitu zen. 2017an, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua sendotu zen, aurrekontuei zuzendutako webgune espezifiko batekin eta Sanfuentesen antolatutako saio presentzial batekin, non pertsona bakoitzaren proposamenen eta aurreko edizioetan betetakoaren balorazioaren berri eman zen. Proiektuak aurrera egiten du urtero.

Iaz 600 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte prozesuan, eta 500 proposamenetik gorako errekorra lortu zuten. 2018an, herritarrek haur-parke berri bat ipintzea erabaki zuten Gallartako Etorkizuna ikastolan. Haur-parkearen ekipamendua eta zoladura modernizatu zituzten, 72 metro karratuko azalera hobetuz 18.000 euroko inbertsioarekin. Babes gehien lortu zuen beste ekimen bat Sanfuenteseko Pilar Abín plazan komun publiko bat jartzea izan zen, eta 2019an dagoeneko errealitate bat da.

“Jendeak esan eta bozkatzen duena kontuan hartu eta bete egiten dugu: lankidetza-proiektu honekin ahalik eta herritar gehien erakarri nahi ditugu, udaleko diru-kutxak guztion ardura direlako, eta kudeaketa on bat herritarrei entzuten lortzen delako”, esan du, amaitzeko, Etxebarriak.