Albisteak

 

Abanto Zierbena meatze zaporeko bi asteburutan murgilduko da. VII. Meatze Pintxo Lehiaketa jarriko da abian, eta aurten, bertako bederatzi establezimendu lehiatuko dira.

Aurreko edizioan, lehiaketaren maila igo egin zen, pintxo landuak eta oso sortzaileak egin baitziren, eta aurten, ez da gutxiago espero lehiaketan parte hartuko duten ostalarien partetik. Lehiaketaren aurkezpena leku hunkigarrian egingo da, hain zuzen ere, Meatzaritza Museoko Kantinan.

"Berritasun garrantzitsuenetako bat da lehiaketaren jardunaldietan kaleko animazioa izango dela magoen talde batekin. Lehiaketan izena eman duten lokaletan ibiliko dira magia eginez eta publikoa aho bete hortz utziz meatze pintxo goxoa dastatzeko zain", iragarri du Abanto Zierbenako Merkataritzako zinegotzi Iratxe Etxeandiak.

Azaroaren 9 eta 10eko eta 16 eta 17ko asteburuetan Abanto Zierbenako tabernetako barrak arte gastronomikoaren benetako galeria bihurtuko dira eta sorkuntza-lan onenak izango dituzte ikusgai. Aurten, lokal hauek parte hartuko dute: Bar JR, Herriko Gallarta, Zuhaitz, Mai Gau Txori, Restaurante Gallarta Zaharra, Bar Meatza, Enparantza Taberna, Bar Arlekin eta Bar Haritzalde.

Lehiaketan bi sari banatuko dira: herritarrek emango dute sari bat, beti bezala, establezimendu bakoitzean banatuko diren txartelekin, eta sari profesionala berriz, profesional batek epaituko du, eta honako hauei erreparatuko die: pintxoen aurkezpena, originaltasuna, berrikuntza, irudia, zaporea eta testura; betiere, meatzaritzaren esparrua kontuan izanda.

"Kategoria bakoitzeko bi txapeldunei diploma bana eman eta publizitate-erreportaje bat egingo zaizkie eskualde-mailako komunikabide batean beren ostalaritza-lokalari eta pintxo irabazleari buruz", azaldu du Merkataritzako zinegotzi Iratxe Etxeandiak.

Bestalde, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta publikoak establezimendu guztiak bisitatzeko, aurten banatuko diren txartelak lokaletan zigilatuko dira, eta kontsumizioa egin ondoren, katilu pertsonalizatu bat oparituko zaie, pintxoen lehiaketari buruzko motiboekin. Gainera, 50 euro zozkatuko dira opari txekeetan establezimendu bakoitzean bozkatuz parte hartzen duen publikoaren artean, lehiaketan parte hartuko duten ostatu-establezimenduetan kontsumitzeko.

"Egile-pintxoak guztiontzako ahogozagarri izango dira. Izena emandako tabernen ateetan jarritako sardexka erraldoien ibilbideari jarraitu behar zaio soilik. Besterik gabe, on egin!", esan du jendea animatzeko Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

"Abanto Zierbenako ostalaritzak gero eta pintxo-maila handiagoa dauka eta lehiaketa honek, bereziki, tokiko kontsumoa sustatzeko balio du, eta, aldi berean, asteburuetan gure herriak dinamizatzeko; familia eta kuadrilla osoak etxetik irteten eta udalerri osoan mugitzen dira, auzoen arteko batasuna bultzatuz", azpimarratu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.