Albisteak

 

Abantoko biztanle langabeen kopuruak behera egiten jarraitzen du 2019aren hasieran.

“655 pertsonek jarraitzen dute langabezia-zerrendetan Lanbidek maiatzean emandako azken datuen arabera. Ez da zifra ona, gure erronka langabezia-tasa zero izatea baita. Hala ere, borrokaz borroka goaz eta langabeziaren aurkako lehia irabazten ari gara. 2017ko maiatzean, langabe kopurua 776koa zen, eta 2019an 121 pertsona gutxiago daude langabezian; beraz, bide onetik goaz. 2009tik Abanto Zierbenak ez du izan iazkoa bezain langabezia-tasa baxurik, eta pixkanaka beheraka doa. Nolanahi ere, ahalegintzen jarraitu behar dugu langabezia murriztu eta gure biztanleen artean lana gehitu dadin”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Langabezia-tasa % 16,1 zen 2017an, orain % 13,3 da, hau da, % 17 jaitsi da. Udalerriko zifrarik baxuena da ia hamarkada batean. Krisiaren puntu gorenean 1.018 langabe egon ziren eta ia % 20,8ko tasa. Abanto Zierbenako langabe kopurua beheraka doa pixkanaka; izan ere, azken bi urteotan, 120 pertsonak baino gehiagok aurkitu dute lana, eta, horri esker, langabezia-zerrendetatik atera dira.
Udalerrian lana sustatzea eta langabe kopurua murriztea lehentasuna da Abanto Zierbenako Udalarentzat.

Horregatik, prestakuntzan inbertitzen ari gara, enpresekin lan-bitartekaritza sustatzen dugu eta kontrataziorako eta ekimenerako laguntzak ematen ditugu.

“Herri moduan dugun ahalmena mugatua da; hori da egia. Hala ere, garrantzitsuena da aurrera egiten ari garela. Iaz, Abanto Lani esker (lana zuzenean sortzeko daukagun programa), 31 biztanlek lortu zuten lanpostu bana, 6 hilabetean. Azken bost urteotan, Abanto Zierbenako enpresek aukera izan dute udalerriko langabeak kontratatzeko laguntza eskatzeko, 55.000 euroko baliokoa, 16 kontratu berriren bidez. 45 urtetik gorakoentzako Lanberri prestakuntza-programaren bidez, 130 pertsona baino gehiago gaitasun berriak ikasten ari dira, eta lan-mundu berri eta konplexuari aurre egiteko prestatzen ari dira. Gure oinarri estrategikoetako beste bat honako hau da: udalerriko enpresekin daukagun lankidetza. Horretan sakonago arituko gara hilabete hauetan lana sortzen jarraitzeko”, adierazi du Etxebarriak.

Gaur egun, Abanto Zierbenak 98 enpresa dauzka. El Campillo industrialdean ehun elkarte baino gehiago daude, eta Abra Indurstrialen 20. Horri tokiko zenbait ekintzailek sortutako 14 enpresa gehitu behar zaizkio, enpresa-mintegian daudenak. Horrez gain, udalerrian beste 40 enpresa ere badaude.

Halaber, aurten, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko berraktibazio sozioekonomikorako erakunde arteko Plan Estrategikoa heldu da, Eusko Legebiltzarrean onartua. Bere ekintzen bidez, gure eskualdea leheneratzen eta berraktibatzen lagunduko du.

“Udalak Enplegu eta Lehiakortasun Plana eguneratu du 2018an Tokiko Enplegu eta Garapen Agentziaren bidez (2012an egin zen plana), langabeziari aurre egiteko tresna gisa. Plan hori oinarri hartuta, enplegua sustatzeko tokiko politika guztiak antolatzen dira”, oroitarazi du Etxebarriak.

Bide asko daude 2019an zifra hobeak lortzeko enpleguari dagokionez, adibidez, Parke Teknologikoa eta Energy Inteligence Center (EIC) martxan daude dagoeneko eta gutxi barru bukatuta egongo dira. Horiei esker, jarduera ekonomikoa eta lanpostu berriak egongo dira. Parke Teknologikoan espero da 2.000 lanpostu baino gehiago sortzea bertan ezarriko diren enpresetan.

“2019ko aurrekontuetan 416.000 euroko partida dago enplegu-jardunetara bideratuta. Lana lortzeko borrokatzen ari gara, gure alde ditugu ekintzak, inbertsioak eta erabakitasuna, eta horrek langabeziari buruz dugun irudia aldatzen du; gure herria aldatzen du”, ondorioztatu du Etxebarriak.

Langabeak

  • 2017ko maiatza: 776
  • 2018ko maiatza: 732
  • 2019ko maiatza: 655

Langabezia-tasa

  • 2017ko maiatza: % 16.1
  • 2018ko maiatza: % 14.8
  • 2019ko maiatza: % 13.3