Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak abian jarri du Abanto Lan 2019 enplegu-programaren lehen fasea. Horretarako, 5 gazte langabe kontratatu ditu, udal hezkuntza- eta aisialdi-begirale moduan arituko direnak. Programa hori Tokiko Enplegu Ekintzen testuinguruan kokatzen da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzak jasoko ditu.

“Ekainetik abendura bitartean kontratatutako 5 herritarrek Txipli Txapla parkea, Gazteguneak eta hiri-udalekuak dinamizatuko dituzte. Lanaldia asteko 20 ordukoa izango da”, jakinarazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.
Tokiko enplegu-eskaintza honetan izena eman dutenek kirol- edo aisialdi-begiraleen diploma edota haur-hezkuntzako, animazio soziokulturaleko edo gizarte integrazioko titulazioa dute. Gainera, aurretik adingabeekin aisialdi-jardueratan izandako esperientzia ere balioetsi da.

“Ia 35.000 euro inbertitu ditugu kontratazioetarako eta garrantzitsuak diren lanpostu horiek betetzeko. Izan ere, udaran gora egiten du haur- eta gazte-eskaintzak, bai hiri-udalekuekin eta bai udal igerilekuetan abian jartzen dugun ur-parkearekin. Horrez gain, bi gaztegune ditugu abian Gallartan eta Las Carreras auzoan, arreta eta jarduerak behar dituztenak”, adierazi du Etxebarriak.

16 lanpostuk eta 130.344 euroko inbertsioak osatzen dute guztira enplegu-programa. Gainerako 11 lanpostu berriak datozen asteetan jarriko dira abian.

Udal Gaztedi: balantze positiboa

Aurten heldu da Udal Gaztedi beka-programa, eta 7 gazte kontratatu dira enpresetan lehen lan-esperientzia izan dezaten.

Beka-programa hori, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatua, 30 urtetik beherako gazteei zuzendua eta meatzaldeko 5 udalerritara heldu dena  (Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Trapagaran eta Zierbena), bere helburua ari da betetzen: hau da, gazte kualifikatuak inguruko enpresetara bidaltzea.

“Proba-epean dauden 7 bekadunetatik, oraingoz 3 kontratatu dituzte bekari esker bertan lan egin duten enpresek. Oso berri ona da, lan-eskaintza eskariarekin lotu baitugu, eta udalerriaren barruan egin dugu, gure enpresekin eta lan egiteko gogoa duten herritarrekin, oraingoz aukerarik izan ez dutenak. Bestalde, esan beharra dago beste bekadun batek eskaintza bat jaso duela praktikak egin dituen enpresatik, baina uko egin dio, lana topatu baitu interesatzen zaion beste enpresa batean. Udal Gaztedi programaren balantzea positiboa da, are gehiago, bikaina izan da”, azaldu du Etxebarriak.

Errealitate tristea da gazteen langabezia eta lan-merkatuko prekarietatea. Gure gazteak laneratzea izan behar da gazte-politiken lanerako ardatz nagusia. Abanto Zierbenak 7 beka osatu ditu udalerriko gazteentzat, 21.000 euroko aurrekontuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta meatzaldeko udalen artean finantzatuta, Meatzalde Gaztediko marko globalean.

“Arte grafikoetan, garraioan, beiraren itxieran, metalezko produktuak fabrikatzen, mezularitza-zerbitzuan edota jarduera kulturaletan aritu dira; horietako askok kontratua lortu dute eta bertan geldituko dira, kalitatezko enplegua eta iraunkorra, egonkorra eta konfiantzazkoa baita. Lanerako prestatzen ditugu, langabezia-zerrendetatik irten daitezen, eta apurka-apurka aurrera goaz bide onetik”, amaitu du Etxebarriak.