Albisteak

 

Amaitu da El Correok eta Ecovidriok Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatutako 'Hau da green' kanpaina, eta arrakasta handia izan du, hala parte-hartzeari nola emaitzei dagokienez.

Hemezortzi udalerrik hartu zuten beren gain iazko urritik azarora bitartean gaikako bilketaren tasak hobetzeko erronka. Abanto Zierbena udalerri horien artean egon zen lehen aldiz, eta udalerri jasangarriaren kategoria lortu zuen.

Beira edukiontzi berdean uztea erraza da eta planeta salba dezake. Hori ondo dakite Abanto Zierbenako herritarrek eta, horregatik, lan bikaina egin dute proba honetan, beira kilo ugari birziklatuz. 2018an ia 135.000 kilo beira bildu dira.

“Oro har, beiraren bilketak % 1,3 egiten du gora urtero. Bada, “HAU DA GREEN” kanpainari esker % 3,3ko gorakada lortu da. Horrez gain, gure udalerrian edukiontzi arrosen “BIRZIKLATU BEIRA HAIENGATIK” kanpaina jarri genuen abian urriaren 10etik 30era, Sandra Ibarra enbaxadore zuela. Kanpaina horretan bildutako kilo bakoitza euro bat inguru bihurtzen da, eta bularreko minbiziaren kontrako ikerketara bideratzen da. Guztira 12.000 kg beira bildu genituen kanpaina horretan, herriko auzo nagusietan txandaka jarri genituen edukien bidez. Oso harro gaude; izan ere, gure herritarrak berdeak eta arrosak dira, ekologikoak  eta solidarioak", adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Abanto Zierbenan, aurreko ekitalditik % 16,7 egin zuen gora beiraren bilketak, eta aipatu behar da gainerako udalerrietan gorakada hori % 11koa izan dela, batez beste. Datu esanguratsua da, eta horri esker Meatzaldeko herri honek udalerri jasangarrienaren saria lortu zuen.

Abanto Zierbenak konpromiso handia du birziklapenarekin. Eskuragarri dauden hondakinen bilketarako edukiontzi guztiak izateaz gain (5. edukiontzia, minipuntu berdeak –pilak, kartutxoak, CDak, aerosolak eta abar biltzeko–, olioak biltzeko edukiontziak...), inausketa hondakinak biltzeko zerbitzua ere jarri zuen abian duela urte parte bat. Oso udalerri gutxik eskaintzen dute zerbitzu hori eta lagungarria da Abanto Zierbena udalerri garbiagoa eta jasangarriagoa izateko.