Albisteak

 

Gallartako kaleetan jaia hasiko da berriz datorren irailaren 14an (larunbata). Herritarrak eta bisitan etorritakoak 2019ko Garrafon Egunean murgilduko dira. Jai tradizional hau herrian klasiko bat da irailean, eta eguerdiko hamabietan hasiko da. Hasteko, omenaldia egingo zaio hilerrian Federico Balbuenari, Garrafon jaiaren sortzaile eta Gallartako Futbol Elkarteko presidente ohiari.

Ordu erdi geroago, jai-giroa herri osora zabalduko da, Marciano iturritik abiatuko den kalejirarekin; bertan, Gallarta Kirol Elkarteko talde guztiek hartuko dute parte, eta Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen erritmoari jarraituko diote.

Ondoren, Aldatz Gora Fanfarreak joko du eguerdiko ordu batetatik aurrera. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, haurrentzako parkea egongo da Blasco Ibañez parkean, etxeko txikientzat. Euria egitekotan, parkea Txikito de Gallarta pilotalekuan jarriko da.

Garrafon Eguna 1960ko hamarkadan sortu zen, herriko kuadrillak elkartzeko, eta 2020. urtea hastear dagoenean, antolatzen jarraitzen da. Urtez urte, tradizioa mantendu egiten da eta gero eta jende gehiagok hartzen du parte.

Eguerdian, Eusko Gudariak plaza agertoki aproposa izango da sasoi honetako Gallarta Kirol Elkarteko taldeen aurkezpena egiteko.

Garrafon Eguna lagunartean igarotzeko eguna da, goizetik egunsentia iritsi arte gozatzen den eguna. Eusko Gudariak plazako herri-bazkaria eta Gallarta Kirol Elkarteko senidetasun-bazkaria Garrafon eguneko hitzordu saihetsezinak dira.

Eta, tradizioak agintzen duen moduan, jaian dagoen edozeini honako hau galdetu beharko zaio: zuk al duzu garrafoiaren tapoia? Gainera, txikienek ere ohitura horretan parte hartuko dute, tapoi txikiarekin. Helduek egiten duten galdera bera egin beharko dute, tapoia aurkitu ahal izateko. Zalantzarik gabe, Garrafon Eguna uda amaitzeko eta hotzari ongietorria egiteko egun aproposa da.

Programa arratsaldean egingo den disko festa, txaranga eta dantzaldiarekin osatuko da. Dantzaldia egunsentiko ordu biak arte izango da, Eusko Gudariak plazan, “Ilargi Beltza” taldearen eskutik.

Garrafon Egunaren edizio honetan, gainera, Santiago Antón Arranz gallartarra omenduko dugu, Meatzaritza Museoaren engranajearen, Gallarta Kirol Elkartearen eta Aldatz Gora fanfarrearen parte izan baita. Meatzaritza-herri honetako kultura eta historiaren sustatzaile handi bat izan da.

Aldatz Gorak, egun hau antolatzen duen elkarteak, omenaldi maitekor bat egin nahi dio 90 urteko gizonari. Antónek musika ikaragarri maite du eta 14 urte zituela Gallartako Musika Bandan sartu zen; ondoren, Aldatz Gora fanfarrea sortu zuen eta hortxe izan zen irakasle orain dela hamar urte arte, 80 urte bete zituen arte.

Saxofoia jotzen duen gallartar horrek izugarri maite du bere herria. Larunbatean berari egingo diogu omenaldi berezia, beti herritarren ondoan lan egiteagatik eta Abanto Zierbenako kultura-erreferente izateagatik.