Albisteak

 

Balastera, El Campillo eta Castañoseko Mesedeetako Andra Mariaren jaiak ostiral honetan hasiko dira, irailaren 20an. Jaiei hasiera emateko, txupinazioa botako du jai-batzordeak, eta ondoren, alaitasuna eta parranda izango dira nagusi, goizaldeko ordu txikietara arte.

 “Larunbatean, jaietako egun handian, kalejira egongo da. Horrez gain, handi nahiz txikiek goza dezaten, gaztelu puzgarriak egongo dira, baita meatze-astoan ibilaldiak egiteko aukera ere. Ondoren, apar-festa eta mus-txapelketa izango ditugu. Asteburu osoan zehar, entretenimendua eta dibertsioa nagusi izango dira auzo txiki honetan; izan ere, ia hogei jarduera biltzen ditu bertako jai-egitarauak”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Egitarau horren barruan, “Lobos Bikers Bizkaia” taldeak moto-erakustaldia egingo du eta, ikusleei bi gurpilen gaineko emanaldiak gustatzen bazaizkie, arratsaldean bizikleta gaineko akrobaziak ikusteko aukera izango dute, “Got Talent” telebista-saioan finalerdira iritsi zen Iñigo Arroyoren eskutik. Arroyo modalitateko horretako TOP 5ean dago Espainian, eta ziur gutako asko aho zabalik utziko gaituela.

Arratsaldean, Abanto Zierbenako auzo honetara gerturatzen direnek beste zenbait jardueraz gozatu ahal izango dute: dantza-alardea, sardina-jana handia eta Cuban Band Havana taldearen kontzertua. Larunbatari amaiera emateko, mozorro-lehiaketa eta dantzaldia izango dira, azken hori Raspuren eskutik.

 “Berriro ere eskerrak eman behar dizkiogu, egindako lanagatik, Casa Recreo Balastera elkarteari. Urtero-urtero herritar zein kanpotarrentzat ahalik eta egitaraurik onena eskaintzen jarraitzen dute, ilusioz beterik. Auzo txiki honek jai handiak izatea lortu dute”, esan du Etxebarriak.

Igandean (irailak 22), jaiak aurrera jarraituko du Balastera auzoan, askotariko ekintzekin: haurrentzako tailerrak, tuteko eta igel-tokako txapelketak eta txakurren erakustaldi parte-hartzailea. Horrez gain, auzoa berriro ere putxeraz beteko da, Balasterako putxeren bigarren lehiaketa egingo baita; hatzak miazkatzeko moduko hitzordua izango da.
Eta Mesedeetako Andra Mariaren jaiei amaiera ezin hobea emateko, harri-zulatzaileen eta herri-kirolen erakustaldia, saiheski- eta txorizo-jana eta Mexico Lindo Mariachi taldearen kontzertua izango ditugu.

Ziur giroa ezin hobea izango dela planez beteriko asteburu horretan, eta Balasteraz eta jaietarako gogoz dauden bertako auzokideez gozatuko dugula. Mesedeetako Andra Mariarentzako lore-eskaintza tradizionala hilaren 24an egingo da.