Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak El Cerroko auzokideen eskakizunei erantzuten jarraitzen du; orain, auzokide-talde horren haurrentzako parkea modernizatzeko eta berritzeko garaia da.

“Haurrentzako eremuko ekipamendu guztia eta lurzorua ordezkatu ditugu, modernizatu egin behar zirelako, gure txikientzako toki hobea eta seguruagoa izan dadin”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Birmoldatutako eremu horrek jolas-elementu berritzaileak ditu, besteak beste, jira-jira bat eta eskalada-etxetxo bat. Dorre eta etxola formako altzairuzko egitura bat ere jarri dugu bertan, hodi formako txirrista bat eta txirrista ireki bat, suhiltzaile-barra bat eta sokazko barandak dituzten bi zubi higikor; denek ala denek dituzten diseinu, irudi eta kolore berritzaileak.

“Oso parke dibertigarria da, eta El Cerroko umeek ahal beste disfrutatzeko eginda dago. Kolore, jolas eta barrez beteriko 50 metro karratu dira. Segurtasunez erabiltzeko gutxieneko adina 3 urte da, eta gehienekoa 14 urte”, azaldu du Etxebarriak.

Gallartako El Cerro taldean 889 auzokide bizi dira gaur egun. Oso hiri-nukleo garrantzitsua da gure udalerrian; horregatik, bertako umeentzako parkea berritzea iaz hasi ziren zenbait jarduketaren jarraipena da. Azken urtean 100.000 euro inbertitu dira Gallartako auzo horretan, eta gure xedea da auzo horretako auzokideen eskaerak biltzen jarraitzea.

Auzoan egindako jarduketen artean, kautxuzko 166 tope jarri dira El Cerroko aparkamendu-plazetan, hala ibilgailuak espaloietan sartzea eragozteko eta gidariak gurpil-aulkien eta haurtxoentzako orgatxoen irisgarritasuna errespetatzera derrigortzeko. 10.000 euro bideratu dira inbertsio horretarako.

“El Cerroko auziokideek eta polikiroldegiko erabiltzaileek helarazi ziguten padeleko pistek argi-puntu gehiago behar zituztela, oso ilun zeudelako. Horregatik, 5 LED argi instalatu ditugu pistetarako sarbidean, igerilekuen atzealdean. 85 metroko bide bat da, arriskutsua izateari utzi diona. Horretarako 17.000 euroko inbertsioa egin behar izan dugu”, eman du aditzera alkateak.

Gainera, hirurogeita hamar metro karratuko pergola berri bat jarri da Cerroko parke berean. Beharrezkoa zen aldaketa egitea; izan ere, pergola zaharra segurtasun-arrazoiak zirela bide kendu zen. Eremu hori auzokideen topagune da. Haizearen eta euriaren menpe dagoen eremu bat denez, egurrezko egituraren ordez altzairu herdoilgaitzezko egitura berri bat jartzea erabaki da, bederatzi zutabeduna. Hala, urari aurre egin eta iraunkortasuna eta erresistentzia bermatzea bilatu da. Pergolak eta altzari guztiek 34.000 euroko kostua izan zuten.

Azkenik, parke berrian 48.000 euroko inbertsioa egin da.

“El Cerroko taldean egindako lehen hobekuntza-paketearekin bukatu eta gero, kontaktuan jarraituko dugu auzokideekin beste beharrizan batzuk helaraz diezazkiguten. Gure plana da auzoan berrikuntzak eta modernizazioak egiten jarraitzea, eta bertan bizi direnen eskutik egin nahi ditugu, haien ahotsak entzunez” esan du Etxebarriak.