Albisteak

 

Koloreek, mozorroek eta musikak beteko dute asteburu hau Gallartan eta Las Carrerasen. Ostiral honetan, martxoaren 1ean, inauterien ospakizunak hasiko dira. Hasteko, kalejira bat egingo dute eskolek: 450 ikaslek baino gehiagok Gallartako kaleak ibiliko dituzte, eta Gallartako Txikito pilotalekuan bukatuko dute, disko-festa batekin. Han, ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako txokolate-jan goxo-goxoa dastatu ahal izango dute.

Arratsaldean, Enarak dantza taldeak Lantzeko inauteria irudikatuko du, Las Carreras auzoan, arratsaldeko zazpietan.

Kondairak dio Lantz Frantziarako pasabidea denez, hainbat bidelapur ibiltzen zirela, eta lapur horiek herritarrez abusatu eta lapurtu egiten zieten. Horien guztien artean, Miel Otxin zen okerrena eta beldurgarriena.

Berritasun moduan, eguraldi ona egiten badu, Haritzalde plaza izango da martxoaren 2ko festako erdigunea; izan ere, seietatik aurrera, berbena, ogi txigortu lehiaketa eta artisau-mozorroak izango dira. Beren mozorroekin parte hartu nahi duten guztiek plazan desfilatuko dute, eta onenek saria izango dute. LASKABAILA dantza-elkartea arduratuko da aurtengo herri-inauterien desfilea eta ogi txigortu lehiaketa dinamizatzeaz.

Gallartak ere handiro ospatuko ditu inauteriak: larunbatean, goizeko hamaiketan, musika hasiko da, eta dantzek hartuko dituzte Gallartako kaleak, Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearen eskutik, jada tradizionala bilakatu den diru-bilketa eta guzti. Arratsaldean, bost eta erdietan, Gallartako inauterietako jaitsiera izango da. Marciano iturritik hasi eta Eusko Gudariak plazaraino, animatzen diren kuadrilla eta familia guztiek primeran pasatuko dute batukada baten eta Abanto Musika Eskolako musikarien erritmoan. Epaileek arreta handia jarriko dute jaitsieran, izena eman dutenen artean mozorrorik originalena hautatzeko. Gainera, Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak Meatzaldeko landa-meatze inauteriak aurkeztuko ditu, euskal tradizioko pertsonaiak gure meatzari-iraganera lotuta osatutako antzezlan bat.

Antzezlan berezia da, sua eta kea protagonista dituena. Meatzalde zaporeko inauteriotan, kaleetan ibiliko dira Bizkarbaltza, animalia-burua duen izaki beltz handia, eta Artauntxoa, babeslea. Baina ez dira bakarrik ibiliko: bidelagun izango dituzte Beldarroia, Zangaluzea, sorginak euren laztabinekin eta Hartza, artzainekin.

Eguna bukatzeko, Gallartako Txikito frontoian musika-jai paregabea izango da; lehenago, ordea, mozorro-lehiaketa eta sari-banaketa egingo dira, eta ogi txigortu lehiaketa ere jokatuko da. Horrekin guztiarekin batera, Gallartako Emakumeen Kultur Elkarteak txokolate-jan goxo-goxoa prestatuko du.

“Beste urte batez, gure elkarte-sarearen lankidetza eskertu nahi dugu, festa hauei euren ahalegina gehitzeagatik: Laskabaila,  Enarak Dantza Taldea, Gallartako Emakumeen Elkartea, Abanto Musika Eskola, Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldea eta Beti Abanto Sahararekin  Denok animatzen zaituztegu Abanto Zierbenako inauteriez gozatzera”, adierazi du Etxebarriak.

 Gallartako inauteriak (PDF 350KB)

 Las Karrerasko inauteriak (PDF 304KB)