Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak "Eskola Bideak" diagnostikoa eta proiektua aurkeztuko die herritarrei. Ekimen horren helburua da ikasleentzako ibilbide seguruak eraikitzea etxetik ikastetxera joateko.

"Elkarteak, familiak, merkatariak, ostalariak eta ikastetxeak eurak ahots garrantzitsuak dira gure haurrak etxetik ikastetxera joateko bide seguruak sortzerakoan; horregatik, entzun egin nahi ditugu. Horretarako, bi bilera egingo ditugu; bata, urriaren 29an (asteartea) eta bestea, urriaren 30ean (asteazkena). Hitzordu horietan, proiektu hau landuko dugu. Proiektuari ikasturtearen hasieran ekin zitzaion eta hari esker, antzeman dugu ikastetxeen sarrera-irteeretan gaizki aparkatutako ibilgailuak eta desordena daudela, eta horiek gorabeherak eta istripuak ekar ditzaketela. Gertakari horiek saihestu nahi ditugu kosta ahala kosta", azaldu du PSE-EEko bozeramaile Maitana Martínez Goirik.

Meatzaldeko Udal honek egiten duen ikastetxerako bide seguruak erronka Eskolako Agenda 21 ekimenaren barruan dago eta udalerriko lehen mailako lau ikastetxeei zuzentzen zaie, guztira ia 500 ikasleri.

"Gure bizilagun txikien segurtasuna hobetzeko lan egiten dugu, baina, aldi berean, gure gazteak mugitzea, ibiltzea eta sedentarismoa baztertzea nahi dugu. Uste dugu ikastetxera joateko ibilbide seguruekin lortu daitekeela hori", adierazi du Martínez Goirik.

Programa horrek ikasleen gurasoen elkarteen eta ikastetxeen lankidetza izan du eta orain, eragozpenak identifikatu eta konpondu nahi ditu udalerrian egunero ibiltzen eta mugitzen direnen bitartez. Ekarpenak jaso nahi ditugu eta txikienen segurtasunari dagokionez ikastetxetara joateko bideetan egon daitezkeen puntu beltzak eta/edo hobekuntzak baloratu eta azaldu nahi ditugu.

"Proiektu honekin ikasleak ikastetxetara iristen diren moduan jarri dugu arreta: autoan edo oinez, bakarrik edo lagunduta... Etorkizuna Ikastola eta Buenos Aires ikastetxeak izan ditugu adibide diagnostikoa egiteko, eta El Casalera eta Las Carrerasko Askartza Isusi ikastolara ere zabaldu dugu. Espero dugu Dolores Ibarruri BHIko ikasleen laguntza ere izango dugula", adierazi du Martínez Goirik.

Gizartean esku hartzeko proiektu bat da, batik bat eskola-adineko biztanleen mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko ikastetxerako joan-etorrietan, Abanto-Zierbena udalerri atseginagoa bihurtzeko asmoz.

"Eskola Bidea" proiektuaren bultzatzaileak bizilagunak dira. Diagnostikoa aurkezteko fasean dago eta zenbait datu egiaztatu ditugu: udalerriko eremu askotan esku hartu dugu jada mugikortasun segurua izateko, batik bat Gallartako eta Las Carrerasko etorbide nagusietan, espaloi zabalak baitugu beheramenduekin eta zebra-bideekin, trafikoa lasaitzeko neurriak sartuz. Hala ere, badaude hobetzeko moduko beste puntu batzuk, hala nola ikusgarritasuna eragozten duten aparkalekuak, ikasleak igarotzen diren eremu batzuetako seinaleztapen eskasa, espaloietako oztopoak edo ispilurik ez duten garajeetako irteerak. Hori guztia jasota geratu da gure txostenean", azaldu du Martínez Goirik.

Ikerketatik beste datu garrantzitsu batzuk ere ondorioztatu ditugu. Besteak beste, autoa ez dela ikasleen artean gehien erabiltzen den garraiobidea; izan ere, haurren % 62 inguru oinez joaten da ikastetxera. Hori bai, % 90 norbaitek lagunduta joaten da.

Proiektuaren hurrengo fasea eskola-ibilbideak egitea izango da. Horretarako, esperientzia pilotu bat jarriko da martxan udalerriko ikastetxe batean, datu guztiak jaso ondoren. Ikasleek osasuna eta autonomia irabaziko dute eta udalerriak, berriz, hobeto funtzionatuko du ikastetxeen sarrera-irteeretako ordu nagusietan mugikortasunari eta bizikidetzari dagokionez.

4 zentrok parte hartuko dute "Eskola Bideak" proiektuan

Buenos Aires HLHIk 160 ikasle ditu haur eta lehen hezkuntzaren artean, eta 23 hezitzaile 2018-2019 ikasturtean. Cotarro auzoa 0 helbidean dago.

El Casal HLHIk 149 ikasle ditu haur eta lehen hezkuntzaren artean. El Casal auzoa 6 helbidean dago.

Askartza Isusi HLHI Las Carreras auzoan dago, Askartza Isusi kalean zehazki. 231 ikasle ditu.

Bestalde, Etorkizuna Ikastolak 151 ikasle ditu haur eta lehen hezkuntzan 2018-2019 ikasturtean. Guztira, 22 irakasle ditu.