Albisteak

 
Burdin Jaia, Abanto Zierbenako meatzeetan lan egin zutenei omenaldia egiten dien jaia, Gallartara itzuliko da urriaren 11n, 12an eta 13an: 11. edizioa izango da.  Urte bakoiti bakoitzean bezala, Meatzaldeako udalerriak anbizio handiko programa bat aurkeztuko du, meatzaritza-tradizioa eta meatokietan gogor lan egin zuten meatzarien eta txirteroen lan nekaezina gogora ekartzeko.

Ekitaldiak ostiralean hasiko dira, hilaren 11n, gaueko 21:00etan Txikito Gallarta frontoian: omenaldia egingo zaie Gerra Zibileko batailoi errepublikanoei, tokiko dantza-talde baten eskutik. Larunbatean jarduera ugari egongo dira goizeko lehen ordutik: musikari eta buruhandiak, kalejirak, miniaturazko trena, meatzaritzari buruzko haur-tailerrak etab. 12:00etan azoka irekiko da modu ofizialean, ohorezko aurreskuarekin eta Gallartari buruzko omenaldi-kantekin: “Agur Gallarta Zaharra” eta “Aquella vía chiquita”, besteak beste. Jarraian, desafioak eta apustuak, artisautza-erakusketak, bertsolariak, musika zuzenean... Burdin Jaiak igandean jarraituko du 15:00etan jarduera gehiagorekin, musikarekin eta txorizo-dastaketarekin, baita joko tradizionalekin eta barrena-erakusketarekin ere.

Gainera, Abanto Zierbenara bertaratuko direnek nekazaritza- eta elikadura-produktuen azoka bisitatu ahal izango dute asteburuan zehar, baita ekonomato bat ere, non udalerriko komertzioek eta ostalaritza-establezimenduek beren artikuluak aurkeztuko dituzten. Meatzaritza-tren batek Burdinmendi Bide Berdearen antzinako ibilbidea gurutzatuko du, eta bidaiariei panoramika ederra eskainiko die azken hamarkadetako berrikuntzei dagokienez.  Mineralen Txokoaz eta Burdinezko Artisauen ofizio-erakusketaz ere gozatu ahalko da, sutegi parte-hartzailearekin eta errementaritza tradizionalarekin.

Aurreko urteetan bezala, Isiltasunaren Martxa hunkigarriak El Minero etorbidea gurutzatuko du ilunpean: soilik kandelen suak eta faroltxoek argituko dute. Prozesioa larunbatean abituko da, 22:00etan, Blasco Ibañez parketik Gallarta Zaharra parkera, Bodovalleko meatzari eta txirterei omenaldia egiteko. “Santa Bárbara Bendita” abestiarekin amaituko da, kantautore baten eskutik. Ondoren, Cia del Foc konpainia frantsesak gaueko ikuskizun piromusikal bat eskainiko du 23:00etan.

“Gure helburua meatzaritza-tradizioa oroitzea, omentzea eta partekatzea da, batez ere udalerriko gazteen artean, meatzeak itxi ostean jaio baitziren” azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak. Helburu horrekin, larunbatean (hilak 12) 15:00etan herri-bazkari handi bat antolatuko da meatzaritza-barrakoian, bai helduentzat (12 euro) eta bai haurrentzat (10 euro). Meatzaritza Museoan eman daiteke izena, baita Gazteen Informazio Bulegoan eta Gallartako Gaztegunean ere.

Burdin Jaiak milaka parte-hartzaile izan ditu aurreko edizioetan, eta datu zoragarri horiek gainditzea aurreikusten da aurten. Bisitariez gain, aurtengoan 30 autokarabana baino gehiago etorriko dira, Euskaditik, Nafarroatik, Santanderretik, Madrildik eta Asturiasetik.
 
Burdin Jaiak udalerriko kultura- eta gizarte-elkarteen lankidetza izan du, baita ostalaritza- eta merkataritza-elkarteena, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Enkarturrena eta udalerriko nahiz eskualdeko enpresena ere.