Albisteak

 

Abanto Zierbenak ekipamendu berria dauka bizilagun guztientzat. Sanfuentesek bakarrik garbitzen den bere lehen komun publikoa estreinatu du, udalerriko hirugarrena. Haurrentzako parkearen, plazaren eta frontoiaren ondoko eremu berrituan jarri da komun berria.

“Inguru hori toki garrantzitsua da Sanfuentesen, familien eta zaharren topalekua eta gaztetxoen jolas-lekua baita, oraintsu berritu eta modernizatua. Gure ustez, zerbitzu publiko berri batek osatu egiten du bizilagunentzako eskuragarri dagoen ekipamendua, haurrentzako parkeari, estalitako harmailei eta frontoiari gehitzen zaiona, aisiarako gune bikaina osatuz”, azaldu du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.

Komun hau mistoa eta irisgarria da pertsona desgaituentzako, eta erabilera bakoitzaren ondoren komun barneko garbiketa automatizatua dauka presiopeko ura eta xaboi desinfektatzailearekin. Horrez gain, erabiltzaileren bat komunean dagoen bitartean, garbiketa sistemaren erabilera galarazten duen segurtasun sistema bat dauka. 

“Emandako hitza bete dugu, aurtengo aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien izan zituen jardueratako bat izan baitzen Sanfuentesen komun publiko bat jartzearena. Bizilagunek azpiegitura hau eskatzen zuten Sanfuentesen, eta dagoeneko errealitate bihurtu da. Abanto Zierbenako hirugarren komun publikoa da, Las Carreras auzoko Trinitate Plazan dagoen komunarekin eta Gallartako Blasco Ibañez parkekoarekin batera”, adierazi du Etxebarriak.

Bakarrik garbitzen den komun berri hau, goizeko zortzietatik gaueko hamarrak arte egongo da erabilgarri. 10 urtetik beherako umeak lagunduta sartu beharko dira kabinara, eta erabilera bakoitzaren gehieneko denbora 15 minutukoa izango da. Komun irisgarri bat da, eta erabiltzaile itsuentzako gida bat izateaz gain, hormako euskarri erasgarri batzuk ditu, desgaitasuna duten pertsonentzat.

Udalerriko parke nagusietako zerbitzuak osatzen dituen obra garrantzitsu honek 56.000 euroko gastua ekarri du.