Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak kirolaren aldeko apustua egin du eta, horretarako, udaleko kirol instalazioak hobetzeko inbertsioak egin ditu. Gallartan dauden udal igerilekuak meatzaldeko udalerri honek daukan kirol azpiegitura nagusienak dira eta egoera bikainean daude, datuek adierazten duten bezala.

“2017an abonatu kopurua ia 2.000ra iritsi zen eta aurten zenbaki hori gainditu nahi dugu. Abonuen kopurua % 9,43 igo da. Urtetik urtera abonatu kopurua igo egiten da; hori dela eta, 2.000 abonaturen muga gainditu nahi dugu. Hau da, Abanto Zierbenako biztanleen bostena abonatuta egongo da. Horrek esan nahi du gure herritarrak osasuntsu daudela kirolari esker, eta kiroldegia ongi dabilela", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Iaz, 90.442 sarrera kontabilizatu ziren instalazioetan, bazkide eta ez-bazkideen artean. Bestetik, Abanto Zierbenako udal igerilekuek bazkide ez diren 4.500 erabiltzaile jaso zituzten.

“Igerilekuek gunearen motorra izaten jarraitzen dute, igerilari kopuruagatik eta uretan egiten diren ikastaroengatik. Baina udal igerilekuak denborarekin handitu egin dira, eta kirol jarduera desberdinei esker (yoga, pilates, padel, amentzako gimnasia), eraikin hau kiroldegi bilakatu da. Jarduera horiek 6.689 erabiltzaile izan dituzte. Halaber, gimnasioa kirol eskaintzaren puntu garrantzitsuenetakoa da; lehengo urtean osorik berritu zen eta astean 400 erabiltzaile jasotzen ditu. Errendimendu osoz martxan egotea nahi dugu eta gure udalerriko kirol eskaintza zabala eta kalitatezkoa izatea; horregatik egin ditugu inbertsioak eta hobetu ditugu instalazioak”, adierazi du Etxebarriak.

Meatzaldeko Udala kirolaren eta herritarren ongizate eta osasunaren aldeko lanean dihardu, osasun-zentroekin lankidetzan. Haien asmoa da kolektibo guztiei “kirola errezetatzea", bereziki haurdunei (matroigeriketa, haurrentzako masajeak, amentzako gimnasia) eta desgaitasuna duten pertsonei (Sendatur). Abanto Zierbenako Udalak jarduera horietarako guztietarako diru-laguntzak ematen ditu.

“Gure ustez kirola egitea bizi-kalitatearen eta osasunaren sinonimoa da, eta datuen arabera, udalerrian gauzatzen dugun kirolaren aldeko apustuak oso harrera ona dauka herritarren artean. Haurrentzako masajea eta amentzako gimnasia jardueren erabiltzaileak esponentzialki hazi dira azken urtean. Hori dela eta, haur-aulki altuak jarri ditugu aldageletan, gurasoei haurtxoekin laguntzeko. Nagusientzako uretako gimnasia % 15 hazi da 2017an, aurreko urteko datuak aintzat hartuta. Oso balorazio positiboa da eta kirolariak gehitzen jarraitu nahi dugu. Horretarako, gauzak errazten saiatzen ari gara: ordutegiak eta jarduerak handitu ditugu eta instalazioak etengabeko hobekuntza-prozesuan daude. 66.000 euro inbertitu ditugu mantentze-lanetan, herritarren eskariei erantzuteko egin ditugunez gain. Uda honetan, gainera, kanpoko solariumean jarriko ditugu ur-jolas berriak, haur eta gazteek gozatzeko; ekimen horretarako 200.000 euroko inbertsioa egin dugu. Eta horrez gain, banda magnetikodun txartel zaharrak baztertu eta hurbiltze-txartelekin ordezkatuko ditugu; horrek 16.000 euroko kostua izan du”, azaldu du Etxebarriak.

Abanto Zierbenan padelean aritzeko pistak eta bi pilotaleku itxi (Las Carrerasen eta Gallartan) daude, herritarrek erabiltzeko. Espazio horietan ia 8.000 sarrera eta alokairu erregistratu dira, % 1,7ko hazkuntzarekin bi aldien artean.

Kirol-azpiegiturak Guedan Servicios Deportivos enpresak kudeatzen ditu, 669,702 euroko kontratuarekin.

“Gutxi barru, kafetegiak sarrera indibiduala izango du kanpoaldetik; instalazioak margotu eta binilo apaingarriak jarri ditugu; aldageletan haur-aulki altuak, erlojuak, esekitoki gehiago eta ile-lehorgailu berriak instalatu dira; eta ordutegiak handitu ditugu. Hori guztia herritarren beharrei erantzuna emateko. 2018an, udalerrian kirola eta osasuna bultzatzen jarraituko dugu”, esan du, amaitzeko, alkateak.