Albisteak

 

Udako hiru hilabeteetan, 16.000 pertsona baino gehiago ibili dira haurrentzako Txipli Txapla ur-parke berrian eta igerilekuetan.

“Aurtengo udan, Txipli Txapla ur-parkea ireki ondoren, inoiz baino erabiltzaile gehiago izan dituzte udal-igerilekuek; hortaz, balorazio oso positiboa egiten dugu. Datuek argi uzten dute: 2017an 11.000 pertsona baino gehiago ibili ziren instalazioetan, eta aurten, 2018an, kopuru horrek nabarmen egin du gora, 16.000 pertsonara arte iritsiz (ia % 40ko gorakada).

Gehienak bazkideak izan badira ere, 6.000 euro lortu dira noizbehinkako sarrerekin, eta uztailean 500 pertsona inguru egotera iritsi dira instalazio osoan”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Txipli Txapla parkea esperientzia berria izan da Abanto Zierbenako familia guztientzat. Adin guztiei zuzendutako aisialdirako proiektu berritzailea da, segurua eta uraren bidez elkarrekintza eta ikaskuntza sustatzen dituena. Ez du parekorik eskualde osoan. Parkeak 15 jolas ditu aquaplanning efektuko zoru batean, 210 metro koadroko azalera duen zentimetro bat baino gutxiagoko urezko xafla baten gainean. Parkeko izarra Super Splash kuboa da, haurren buruetan 150 litro ezustean botatzen dituena. Kanoien, azaleko zurrusten, loreen eta aterkien guneak etxeko txikienak gozarazten ditu.

Gainera, instalazioetako zelaian aipatzeko moduko azpiegitura dago: 2.000 metro baino gehiagoko berdegunea, itzalkinak, hamakak, liburutegi mugikorra, mahaiak, jokoak… Eta bi monitore ere badaude, dena kontrolatzen (bi lanpostu berri). Horri guztiari esker, gunea erosoa eta erabilgarria da Abanto Zierbenako herritarrentzat.

“Txipli Txapla parkeak bete-betean funtzionatzen du; dagoeneko 600 haur baino gehiago dibertsioz busti dira eta gero eta gehiago izango dira, bigarren seihilekorako guztira 454 pertsona egin baitira bazkide, iaz baino % 81,60 gehiago (2017an 250 izan ziren). Urteko abonamenduan ere gorakada egon da, 98 pertsona gehiagorekin (ia % 10)”, azaldu du Etxebarriak. Gainera, bitxikeria gisa aipatu behar da udalerritik kanpoko zenbait ikastetxek deitu digutela datorren urterako Txipli Txapla parkea erreserbatzeko, ikasturte amaierako txangoetarako (eskola-ordutegiaren barruan).

454 bazkide berrien artean, 436 gure herriko biztanleak dira; alegia, % 96 bertan erroldatuta daude. Hortaz, bazkide berrien ia % 100ek erroldatuentzako tasen onura jaso dute.

Abanto Zierbenako herritarrek, erroldatuentzako abonamenduez gain, beste hobari batzuk ere badituzte, hala nola lau sarreraren prezioan bost aldiz sartzeko bonuak (erroldatuentzat), familia ugarientzako bonuak, desgaitasuna dutenentzako banakako abonamenduak, % 50era arteko laguntzak urteko abonamenduan bitarteko gutxi dituzten pertsonentzat, LGS baino prestazio baxuagoak dituzten erretiratu eta pentsiodunentzako abonamenduak, etab.

Txipli Txapla parkeak arrakasta handia izan du eta markak hausten ari da. Udal-igerilekuen familia gero eta handiagoa da. Argi ikusten da, beraz, Udalak kirolaren, osasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen aldeko apustua egiten duela.