Albisteak

 

Abanto Zierbenako hiri-paisaia eraldatu egin da, udalerriko gazte langabe talde baten lanari esker. Prestakuntza- eta enplegu-plan bati esker, 6 gaztek udalerriko hiru gune edertu dituzte, hormak kolorez bete baitituzte.

Udalak, Gaztaroa-Sartu irabazi asmorik gabeko elkartearen laguntzarekin, “Arte-aplikazioen bitartez udalerriko espazioak berreskuratzeko tailerra” antolatu du. Elkarte horrek gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten du, eta helburu du marjinazioaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzea. Ikastaroak muralismoa, paisajismoa eta hiri-ingurunearen mantentze-lan apaingarriak konbinatu ditu eta, haren bidez, 6 hilabeteko kontratuak egin dira. Programak iraun bitartean hirigintzako esku-hartzeak egin dira eta gizarte eta lanaren arloko laguntza eskaini da.

“Lehenik eta behin, auzoak bisualki nola hobe eta saneatu zitezkeen aztertu zen eta, ondoren, esku hartzeko hiru ingurune zehaztu ziren. Hauek dira artea erabiliz apainduko diren guneak: Cotarro auzoko ikastetxeak inguratzen dituzten hormak, Federico Balbuena zelaiko kanpoko horma eta harmailak, eta El Minero etorbideko zutabeak, El Cerroko arkupeetatik igarotzean. 6 gazteek lan bikaina egin zuten, eta emaitza ona baino hobea da. Koloreek egiturak biziberritu dituzte, eta ingurune atseginagoa eta alaiagoa sortu dute, gure udalerriaren izaera abegitsua islatzen duena” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Proiektu polit hori ekainean bukatu da, duela oso gutxi, eta udalerriko gazte horiei hiriko eta komunitateko artearen bidez gizartean eta lan munduan txertatzen lagundu die. José Ramón Bañales, Bada ezizenez ezaguna, izan da taldearen buru; artista horrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta Euskal Herriko hiri artearen eta muralismoaren aitzindarietako bat da. Taldeak egin ditu diseinuak, eta Udalaren onespena dute.

“Esku-hartze horiez gain, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, 2 metro altu eta 6 metro zabal zen horma-irudi bat egin zen, borroka feministaren alde. Horma-irudi hori Las Carreraseko gazteen laguntzarekin egin da, eta laster egongo da ikusgai”, adierazi du Etxebarriak.

Ikastaro berritzaile hori abian jartzeko, 100.000 euro baino gehiago behar izan dira; horietako 30.000 euro Abanto Zierbenako Udalak jarri ditu, eta Gaztaroa Sartuk, berriz, 70.000 euro, gazte-programa baten bitartez.

“Udalerriaren itxura hobetzeaz gain, prestakuntza eta lana eman zaie udalerriko 6 gazteri. Enpleguaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen dugu, batez ere gazteen aldeko apustua, eta ildo horretan lanean jarraituko dugu. Gainera, proiektu honi esker, narras zeuden hainbat gune, esaterako Federico Balbuena zelaiko harmailak edo Cotarroko hiru ikastetxe inguratzen dituzten hormak, polit eta indartsu daude orain; gure eguneroko ikuspegia aldatu egin da eta hiriko paisaia integratu eta ederra nabarmendu da”, esan du Etxebarriak.

Hiri-espazioak aplikazio artistikoen bidez berreskuratzeko tailerrak 250 ordu iraun ditu eta El Preventorio eraikineko udal-lokaletan egin da. 30 urte baino gutxiago zuten, langabezian zeuden, udalerriko Gazteen Berme Sisteman izena emanda zuten eta lan-munduan sartzeko zailtasun handiak zituzten gazteentzako zen.