Albisteak

 

20 urte beteko ditu Abanto Zierbenako Sagardo Egunak, eta handitasunez ospatuko du, musika talde ugari etorriko baitira Euskal Herriko hainbat txokotatik gure herriko kaleak erritmoz betetzera. Larunbat honetan (urriak 6) izango da ospakizuna.

Goizeko hamaiketatik aurrera, txistuen, dultzainen, panderoen, trikitien, alboken, zintzarrien eta danbolinen soinuek girotuko dute Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak antolatutako festa hau. Harrigorriako dantzariek alaituko dute musikariekin batera Marciano iturritik egiten den jaitsiera tradizionala, Euskal Herri osoko hogei talderekin batera.

“Zalantzarik gabe, jarduera tradizional nagusia da kirikoketarekin eta prentsagailuarekin sagarretik muztioa ateratzea. Haurrek muztioa eskainiko diote publikoari. Dantzak, musika, herri-kirolak eta beste gauza asko egongo dira sagardo ederraz bustitako jaiegun honetan. Abantarrek zein bisitariek egun zoragarria igaroko dute Sagardo Egun honetan, giro ona ziurtatuta baitago”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Arkaitz Estiballes eta Irati Anda bertsolariek bertsoak botako dituzte Blasco Ibañez parkeko agertokian, eta gero, jateko gogoa asetzeko, herri-bazkari tradizionala egingo da Gallartako Txikito frontoian. Aurreko urteetan 200 pertsona baino gehiago egon izan dira bazkaltzen.

Herri-kirolak eta txalaparta izango dira arratsaldeko protagonista: bi aizkolari egongo dira mozketa desberdinak egiten, eta harri-jasotzaile bat, bere indarra jendaurrean erakusten.

Musika izango da berriro Sagardo Egunean nagusi: Adarrots eta Trocamba Metanuscaren emanaldiez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.

“Kalitatezko jai-egitaraua izango dugu; puzgarriak egongo dira haurrentzat, baita eskulangintza-erakusketa bat ere, eta dena sagardo onenaz bustirik. Beste urte batez, euskaldun zaporedun tradizioak emango dio bizitza udalerriari”; esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

 Egitaraua (PDF 739KB)