Albisteak

 

Eskaladaren zaleak zorioneko daude; izan ere, Abanto Zierbenan kirol hori egiteko beste instalazio bat ireki dute. Parez pareko bi makurgunedun boulder areto bat da, eta udal-pilotalekuko garajean dago.

“50 bazkide baino gehiago dituen Las Carreras auzoko Gure Mendi Zaharrak mendi-taldeak gune bat eskatu zigun eskaladan aritzeko, eta hementxe dute. Udalak adi entzuten die herritarren beharrizanei eta, pixkanaka baina gelditu gabe, iristen zaizkigun eskaerei erantzuten diegu. Guztiontzako udalerri baterantz eskalatzen ari gara”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Boulder erako eskalada edo bloke-eskalada honetan datza: haitz-bloke edo horma txikiak eskalatzea eskaladan ohikoak diren babes-materialik behar izan gabe, hau da, sokarik, arnesik, finkatze-elementurik eta abarrik gabe.

“Rokodromo berriak, gainera, eskolaz kanpoko eskalada-jarduera egiteko kirol-instalazio gisa ere funtzionatuko du; izan ere, Askartza Isusi ikastetxeko Gurasoen Elkarteak ikastaro hori antolatu du 2018/2019 ikasturterako. Ikastetxeko haurrek eskalatzen ikasiko dute ikastetxetik ateratakoan. Era horretan, aisialdi osasungarri eta dibertigarria sustatu nahi dugu”, adierazi du Etxebarriak.

Kirolgune horrek bi makurgune ditu: alde batetik, batek % 5eko inklinazioa du, garajeko atea zabaltzeko behar diren 30 cm-ak libre uzteko; parean, L formako bi makurgune daude, % 15eko inklinazioarekin. Luzeenak 3,80 m-ko zabalera du beheko aldean, eta gehieneko altuera 3,55 metrokoa da. Eskuinaldean, berriz, % 10eko inklinazioa duen makurgune txiki bat dago, 2,8 metro altu eta 1,7 metro zabal (beheko aldean) dena.

Rokodromoko panelak urkizko kontratxapatuzko ohol fenolikoz eginak daude, eta 2,5 m x 1,25 m x 18 mm dituzte. Horrez gain, triangelu eta trapezio formako beste batzuk ere badaude, diseinura egokitzeko. Bi piezako koltxoneta ere jarri behar izan da, areto guztia estali eta oina sartzeko zulorik gelditu ez dadin. Koltxoneta bat 5 x 2 m-koa da, eta bestea, berriz, 5 x 2,5 m-koa. Koltxonetak 30 cm lodi dira, eta aparrezko bi dentsitate dituzte (10 cm gogor goiko aldean, eta 20 cm bigun beheko aldean).

Askotariko testura eta neurriak dituzten 750 helduleku jarri dira, forma biribildu eta ergonomikodunak, lesiorik ez eragiteko. 400 kg-ko trakzioa jasateko gai dira. 6 kolore hauetako heldulekuak jarri dira: urdinak, berdeak, horiak, gorriak, laranjak eta beltzak; hala, ibilbideak bereizi ahal izango dira. Heldulekuek M10 erako torloju zinkeztatuak dituzte.

“Gure udalerrian eskalada-zaletasun handia dago. Hau azken 6 urteetako bigarren rokodromoa izango da; lehena Gallarreta Mendi Elkarteak kudeatzen du eta Gallartako Txikito pilotalekuan dago. Gero eta jende gehiagok egiten du kirol hori; horregatik, orain Las Carrerasen ere eskalatzeko tokia dago.

Kalitatezko aisialdiaren alde egiten dugu eta uste dugu garrantzitsua dela udalerrian horretaz gozatzeko azpiegiturak izatea; horregatik, 12.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu gure gazteek kirolaz eta aisialdi osasungarriaz gozatzen jarraitu ahal izan dezaten”, esan du, bukatzeko, Etxebarriak.