Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udaleko Hezkuntza, Berdintasuna eta Kultura sailek irakurketa sustatu nahi dute aisialdirako uneak aprobetxatuz. Eta, horretarako, taberna eta saltokietako bezeroen eskura jarri ditu hainbat liburu eta aldizkari, irakurtzeko txokoak sortuz.

“Irakurri eta Partekatu” garatzen ari garen esperientzia berri bat da eta harrera bikaina izan du, udalerriko 20 saltokik jada izena eman baitute.

 Arrakasta handia izan da; izan ere, gure helburu nagusia zen liburuen arteko truke hau ezagutzera ematea merkataritza-saltokietan, hamar bat lokaletan, eta hurrengo urteetarako proiektua handitzea. Baina merkatariek adierazi digute liburuak jartzeko gogoa dutela, arrandegietan eta tabernetan, adibidez, bezeroek lokalean ematen duten denbora irakurketarako erabili dezaten. Proiektu berri honetan izan duten inplikazioaz oso harro gaude” adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Liburuaren Eguna oso gertu dago, apirilaren 23an izango da, hain zuzen. Eta egun hori ospatzeko modu hoberik ez dago, udalerri osoan irakurtzeko txokoak eratuz eta horiek martxan jarriz.

Proiektu honetan Udaleko sail desberdinek parte hartzen dute eta Abanto Zierbenako Liburutegien Urteroko Programazioaren barruan dago. Helburua da irakurketa gerturatzea talde guztiei, eta sozializatu eta aisialdia partekatzen duten tokietan. Etorkizunean ekimen hau beste esparru publiko batzuetara hedatuko da.

“Uste dugu gure merkataritza-ehuna aliatu bikaina izan daitekeela irakurketa eta bere onurak hedatzeko. Izena eman duen lokal bakoitzak doan jasoko du 10 liburu eta aldizkariz osaturiko sorta bat, eta beraien bezeroen eskura jarriko ditu. Beharrezkoa izango balitz, liburu eta aldizkariak modu egokian jartzeko altzariak ere emango zaizkie. Erabiltzaileek liburu eta aldizkariak saltokietan irakurri edo etxera eraman ahalko dituzte. Ez da kontrolik egongo eta trukea doakoa izango da. Merkatariei eskatuko diegu esperientzia honen funtzionamenduaren berri ematea eta benetan erabiltzen den jakinaraztea, liburu eta aldizkari gehiagoz hornitzeko, beharrezkoa izango balitz" azaldu du Etxebarriak.

Hainbat iturritatik bildutako azterlanen arabera, telebistak, teknologia berriek eta sare sozialek herritarren denbora libre gehiena okupatzen dute. Soilik hamalau urtetik gorako % 52k irakurtzen dute bere denbora librean. Hori dela eta, Abanto Zierbenako Udalak, kultura herritarrei gerturatzeko asmoarekin, “Irakurri eta Partekatu” jarri du martxan.

“Gure bizilagunak kafe bat hartzen ari diren bitartean, edo haurrak igerilekutik ateratzeko zain daude bitartean, edo gimnasioan bertan bizikleta gainean daudela edo ile apaindegian zain daudela, liburu edo aldizkari bat hartu eta irakurtzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Agian, harrapatuta geratuko dira eta liburua etxera eramango dute edo hurrengo entrenamenduan irakurtzen jarraituko dute. Helburua da irakurketa sustatzea, ona baita, ez baitu soilik burua argitzen, kultura eskaini eta aberastu ere egiten du” adierazi du alkate andreak.

"Irakurri eta Partekatu” ekimenarekin udalerriko liburutegiak (Las Carreras eta Gallarta) eta bertan eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzera eman nahi dira. Herritarrentzat toki hurbil eta ireki gisa aurkeztu nahi dira; ez da eskainiko soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko txoko lasai bat, baizik eta haratago doa eta sortu litekeen edozein informazio-beharretarako ere erabilgarriak izango dira (adibidez: Lanbiden txanda eskatzea, Getxora joateko zein autobus hartu behar den ezagutzea, Errentaren Aitorpenaren proposamena bidaliko diguten jakitea, eta abar).

“Gure bizilagunak animatu nahi ditugu liburuak txoko horietan uztera, esparru horiek elikatzeko eta guztion artean gustatu edo liluratu gaituzten liburuak partekatzeko. Helburua ez da liburu berrienak irakurtzeko txokoetan egotea, liburutegiak daude horretarako. Nahi duguna da saltoki horietako bezeroentzat erakargarriak izan daitezkeen liburuak egotea" esan du, amaitzeko, Etxebarriak.

ABANTO ZIERBENA KULTURAREKIN, IRAKURKETAREKIN