Albisteak

 
Gune osoa berrituko da, auzoko herrigunea, hain zuzen. Horretarako, hainbat jarduketa egingo dira eta eremu hori modernoago, erakargarriago eta irisgarriago bilakatuko dute.

1.- Pilotaleku ondoan dauden harmailak estaliko dira, eta plaza eta oinezkoen sarbideak berrituko dira. Horrez gain, led teknologia duten argiak jarriko dituzte.

Sanfuentesko pilotalekua estali ostean, honen ondoko harmailetan estalki bat jartzeko unea iritsi da, erabilera optimizatzeko eta erabiltzaileen eta ikusleen erosotasuna hobetzeko eguraldi txarra dagoenean.

“Bizilagunek egindako eskaera bati erantzuna eman nahi izan diogu; pilotalekua orain dela zortzi urte baino gehiago estali zen, euria, txingorra edo haizea eginda ere erabili ahal izateko. Sanfuentesko erabiltzaile eta bizilagunek beraien eskaerak bidali dizkigute eta hau zen gehien eskatzen zena. Sanfuentesko pilotalekua ez da soilik kiroletarako erabiltzen, auzoko ekintzen gunea ere bada. Harmailak estaliz, hobekuntza handi bat eta kalitate handiagoko udal ekipamendu bat izango dugu, guztion beharretara egokitzen dena” nabarmendu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Pilotalekuko harmailak zur laminatuzko egitura batekin estaliko dira eta sandwich panela erabiliko da estaltzeko material gisa. Hiru udal pilotalekuak (Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes auzoetakoak), euritik eta eguraldi txarretik babesteko hornituta egongo dira eta, horrela, bizilagunek gehiago aprobetxatu ahalko dituzte.

2.- Estalkia jartzeko obraz baliatuta, Udalak beste pauso bat eman nahi izan du eta pilotalekuaren ondoan dagoen plaza osoa hobetuko du; zoladura eta hiri-altzari berriak jartzeaz gain, led argi berriak jarriko dituzte.

Obra hori osatzeko, eskailera eta espaloietako irisgarritasuna hobetuko da.

3.- Eta Santa Barbara auzotik Sanfuentesko herrigunerako sarbidea hobetzeko, 56 metroko espaloi berri bat eraikiko da.

Gaur egun, Abanto Zierbenako Udala lizitazio prozesuan dago. Prozesu hori amaitutakoan, obrak Sanfuentesko jaien ostean hasiko dira eta hiru hilabetez iraungo dute, gutxi gorabehera.

Obra berri honetarako 245.000 euroko inbertsioa egingo dugu. Hala, orain dela hilabete batzuk gobernu taldeak auzo guztietara bertaratu ostean egindako 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako eskaera nagusiei erantzuna emango zaie. Abanto Zierbenako auzo guztietako planifikazio orekatu eta egokia egitea da gure lehentasuna”.