Albisteak

 

Ecovidrio Espainian beirazko ontzien hondakinak birziklatzearen kudeaketaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta hirugarren urtez jarraian “Birziklatu beira haiengatik” kanpaina jarri du abian. Abanto Zierbenako Udalak bat egin du ekimen horrekin, eta bi edukiontzi mugikor arrosa jarriko ditu udalerrian.

“Erronka da herritarrek beirazko edukiontziak birziklatzea eta horri esker kausa solidario eta garrantzitsu bati laguntzea: bularreko minbiziaren aurkako borroka. Edukiontzi arrosetan bildutako beira-kilo bakoitza euro bat bihurtuko da, eta bularreko minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko da”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Sandra Ibarra Solidaridad Frente al Cáncer fundazioaren zuzendaria da eta hirugarren urtez jarraian izango da kanpaina horren enbaxadorea. Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak, berriz, bularreko minbiziari buruz kontzientziatzeko eta solidaritatea erakusteko ikur bat sortu du kanpaina honetarako: iglu txiki bat. Iglu txikia Miniglú.es webgunearen bitartez eskura daiteke, eta irabaziak Fundación Sandra Ibarra de Solidaridad Frente al Cáncer fundaziora bideratuko dira, gaixotasun horren inguruko prebentzioari, informazioari eta sentsibilizazioari laguntzeko.

Gaurtik hasita datozen bi asteetan bi iglu arrosa egongo dira udalerriko auzo nagusietako puntu estrategikoetan.

“Urriaren 11tik 18ra El Minero etorbidean egongo dira (La Caixaren aurrean). Urriaren 19tik 22ra, berriz, Las Carrerasen, autobus-geltokian, Bar Angulo tabernaren ondoan. Urriaren 23tik 26ra, Sanfuentesen egongo dira, Pilar Abín plazan. Herritarrek edukiontzi horietan uzten dituzten beirazko ontzien kilo bakoitzeko, Ecovidriok euro bat emango dio Fundación Sandra Ibarra de Solidaridad Frente al Cáncer fundazioari”, adierazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbenak kanpaina horrekin bat egin du, baina ez da bakarra. Izan ere, kanpaina 60 hiritan baino gehiagotan zabaldu da, besteak beste Sevilla, Bartzelona, Santander edo Palma de Mallorcan, ahal bezain herritar gehien sentsibilizatzeko asmoz. Hori horrela, herritarrek 250 edukiontzi baino gehiago izango dituzte aukeran.

“2017ko azken datuen arabera, abantarrek 143.970 beira-tona birziklatu zituzten guztira; hortaz, biztanle bakoitzak 15 kilo baino gehiago birziklatu zituen batez beste. Abanto Zierbenak edukiontzi bakoitzeko 195 biztanleko batezbestekoa du, eta guztira 49 iglu ditu beirazko ontzien hondakinetarako. Udalerri berdea gara, eta orain arrosa ere bai. Birziklatzearen eta solidaritatearen alde egiten dugu, baina batik bat ikerketaren alde, horixe baita bularreko minbiziaren aurka borrokatzeko modurik onena”, azaldu du Etxebarriak.

Azken bi hamarkadetan beirazko ontzien birziklatze-tasa esponentzialki hazi da: 2000. urtean % 31,3 izan zen, eta 2016an, berriz, % 72, Ecovidrioren arabera.

Fundación Sandra Ibarra de Solidaridad Frente al Cáncer

Fundación Sandra Ibarra de Solidaridad Frente al Cáncer fundazioa gaixotasun horren aurrean ahaleginak bateratzeko eta koordinatzeko beharrizanetik sortu zen. Borondateak batzea sare unibertsal bat sortzeko, minbizia duten pazienteen eta bizirik atera direnen bizi-kalitatea hobetzeko bide berriak irekitzea eta gaixotasunaren inguruko ikerketa-, prebentzio- eta kontzientziazio-programak finantzatzea; horiexek dira Sandra Ibarraren konpromiso moraletik sortutako fundazio horren helburuetako batzuk.

Minbiziaren aurka hainbat urteko esperientzia izan ondoren, lehenik paziente gisa eta gero gaixotasunari aurre egiteko "aktibista" gisa, eta eragin publikoa eta tartean dauden sektore guztiekin (besteak beste, administrazioekin) elkarrizketan aritzeko gaitasuna dituenez, preskriptore-zeregin bereizia du, eta fundazioak hori bideratzen du duela hamarkada batetik.

“Urriaren 19a (ostirala), bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna izango da. Abanto Zierbenako Udalak ekimen horretan parte hartzera animatu nahi ditu herritar guztiak, baina batik bat ostalaritza-arloa. Izan ere, uste dugu ostalaritza laguntzaile garrantzitsua dela kanpainan, udalerrian kolektibo horrek birziklatzen baitu beira gehien. Hori dela eta, gutun bat bidali diegu kanpainaren berri emateko, harekin bat egin dezaten, birziklatu eta edukiontzi arrosa erabili dezaten. Oso erraza da minbiziaren aurkako borrokan laguntzea; izan ere, keinu erraz batekin, hau da, gure beirazko ontziak edukiontzi arrosara botatzearekin, dirua inbertituko dugu gaixotasun gogor eta izugarri horren aurkako ikerketan, prebentzioan eta borrokan”, adierazi du Etxebarriak.

 Flyer (PDF 827KB)