Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak 2019. urtera begira dihardu lanean. Horretarako, lehentasuna ematen die aurrekontu hurbil, eraginkor eta batik bat partaidetzazkoei, eta atea parez pare zabaldu die herritarrei, ekarpenak egin ditzaten.

“Legealdi osoan, herritarrak udal-aurrekontuetan parte hartzera bultzatu ditugu. Horregatik, aurten, 200.000 euro zuzenean herritarren ahotik datozen proiektuetarako utzi ditugu, eta atzera harremanetan jarri gara abantoar guztiekin. Hala, udal-kontuen zati bat haien eskuetan utziko dugu, haien ideiak egia bihur daitezen. Aurrekontuak prestatzeko prozesua aukera egokia da herritarrei Udala zer proiektutan dabilen azaltzeko eta zer proposamen egin nahi dituzten entzuteko”, esan du Maite Etxebarriak.

Zeinahi pertsona, erakunde edo elkartek aurkeztu ahal izango ditu proposamenak, urriaren 1etik 14ra bitartean, bost udal-postontzietan edota webguneko online formularioaren bidez. Proposamenak, baina, ez dira izango pertsona, erakunde edo talde jakin batek egin beharrekoak; izan ere, hautatzen badira eta aurrekontura gehitzen badira, dagokion udal-arloak kudeatu eta izapidetuko ditu, indarrean dauden legeei jarraituz.

“Obrak eta zerbitzuak, gizarte-ekintza, hirigintza, berdintasuna, kultura, herritarren segurtasuna… Edozein proposamen, edozein udal-arlotakoa, ongietorria izango da, baina batez ere aintzatetsia. Hori bai, eskakizun jakin batzuk bete beharko ditu: esaterako, legezkoa izan behar du, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria eta denentzako interesgarria, eta, gainera, udalerria eta herritarren ongizatea aberasteko xedea izan behar du”, adierazi du Argiñe de la Cruz zinegotziak.

“Proposamenak ez dira zertan zehatz-mehatz formulatu, baina zenbait informazio jaso behar dituzte: proiektuaren helburua zein den, zertan datzan edo proiektua gauzatzea oso garestia litzatekeen. Urriaren 15ean argitaratuko dira eskakizunak betetzen dituzten proposamenak. Aurrerago, aurkeztutako proiektuak aztertuko ditugu, eta urri amaieran, azkenik, proposamen bideragarriak argitaratuko ditugu”, azaldu du Etxebarriak.

Parte-hartzea sustatzeko sariak, eta aipamen berezia gazteriari

Azaroa izango da hautatutako proposamenak bozkatzeko garaia, eta kontsulta hori herritarrei ere irekiko zaie. Berriro ere, 16 urtetik gorako edozein herritarrek gustukoen duen proiektua bozkatu ahal izango du aurrez aurre, hautetsontzietan botopaperak sartuta, azaroaren 6an, 8an edo 9an, goizez eta arratsaldez, udaletxean HAZen bidez edo Las Carrerasko bulegoan, Gallartako Kultur Etxean edo Sanfuentesko Eskoletan.

Botopaperek bi bloketan bilduko dituzte proposamenak. Alde batetik proiektu handiak egongo dira, hau da, 50.001 eta 100.000 euro arteko zenbatespen ekonomikoa duten jarduketak, eta parte hartzen dutenek proposamen bat aukeratu beharko dute bideragarriak direnen artean. Bigarren blokean, berriz, 1 eta 50.000 euro arteko zenbatespen ekonomikoa duten hobekuntzak, egokitzapenak eta jarduketak sartuko dira, eta parte hartzen dutenek bi proposamen aukeratu beharko dituzte bideragarriak direnen artean.

“Hala, 3 proposamen hautatu ahal izango dira, 200.000 euroko zenbatekoan. Udalak argi dauka: gastua lehenestea dagokio, inbertsio bakoitza aztertzea, aurrekontu onak egitea, eta, gainera, denekin batera jardun nahi du”, azaldu du Etxebarriak.

Botoak zenbatu ondoren, Udalak gehienez ere 200.000 euroko zenbatekora iritsi arte babes handiena izan duten proposamenen zerrenda bat argitaratuko du webgunean eta udaletxean.

“Herritar guztiei dei egiten diegu parte har dezaten, eta bereziki gazteei, bereziki interesatzen baitzaigu haiek parte hartzea eta proposamenak egitea”. Parte-hartze hori saritzeko, 30 euroko bost bono zozkatuko ditugu, udalerriko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduetan kontsumitzeko”, azaldu du alkateak.