Albisteak

 

Zaporez eta giro onez betetako bi asteburu izan ditugu azaroan Abanto Zierbenan, meatze-pintxoen lehiaketaren seigarren edizioaren eskutik.

«Ekitaldi bikaina izan zen. Ostalariek egindako pitxoek izugarrizko maila izan dute. 10 lokalek hartu dute parte, eta herritarrek ez dute inolaz ere hitzordu hori galdu nahi izan. Are gehiago, 4000 meatze-pintxotik gora saldu dira lau egunetan. Pitxoen lehiaketak sekulako arrakasta izan du udalerrian, oso pozik gaude ostalarien lanarekin eta sormenarekin, baita herritarren parte-hartzearekin ere. Horrez gain, miniaturazko meatze-mokadutxoei haginkada on bat eman nahi izan dieten bisitari asko ere jaso ditugu. Laburbilduz, arrakasta borobila izan da», baloratu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Sei urtez egin dute jada lehiaketaren aldeko apustua. Edizio honetan, ahalegin guztiak egin dira lehiaketa prestatzeko; izan ere, musika jarri dute parte hartu zuten lokal guztietan, eta, horrez gain, aurkezpen handi bat egin zen Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkeko terrazan.

Lehiaketako irabazleak hautatzeko, herritarren botoak baliatu dira, sukaldari eta gastronomo Gerardo Mazaren aho sabai adituarekin batera.

«2.500 txartel jaso dira, eta, herritarren ustez, pintxo irabazlea Las Carreraseko Enparantza tabernak egindako «Meatze Harriak» da. Sari profesionalaren kategorian, Gallarta Zaharra jatetxeko «Mineralak» pintxoa izan da garaile. Gure zorionik beroena irabazleei eta gure esker onik zintzoena parte-hartzaile guztiei egin duten lan izugarriagatik» esan du Etxebarriak.

Tabernari eta pintxo ikaragarriari buruz eskualdeko hedabide batean erreportaje bat egin eta zabaltzea da pintxo irabazleak egin dituzten lokalek jasoko duten saria.

Lehiaketaren emaitza gaur goizean egin den ekitaldi batean iragarri dute. Udaleko osoko bilkuren aretoan izan da, eta Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarria eta Abanto Zierbenako Merkatari eta Ostalarien Elkarteko presidenteorde Roberto Estepar izan dira buruak.

Gerardo Maza sukaldariaren aburuz, nahiko altua izan da lehiaketan erakutsitako maila. Saldutako pintxoen kopuruak (400 baino gehiago lokal bakoitzean) agerian utzi du lehiaketarekiko sortu den interesa. 15.000 bat euroko eragin ekonomikoa izan du udalerrian.

Horrez gain, inkesta bat egin zaie parte hartu duten lokalei. Ostalariak oso pozik daude lehiaketa egitearekin, lehiaketari esker bezero gehiago izan dituztela esan dute eta uste dute lehiaketari emandako dinamizazioa eta publizitatea ia 10ekoa dela.