Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak, Tokiko Garapenerako Agentziaren eta Eskualdeko Merkataritza Bulegoaren bidez, Abanto-Zierbenako Merkataritza Dinamizatzeko II. Plana (2020) abiarazi du, herritarren eta merkatarien laguntzaz.

“5 urte igaro dira merkataritza dinamizatzeko lehenengo ekimena egin genuenetik, eta bada sasoia tokiko saltokien argazkia ateratzeko eta indarguneak eta ahulguneak atzemateko; hartara, estrategia egokia sortu ahal izango dugu udalerriko merkataritzaren bizitza bultzatzeko, gaur egungo egoerarekin bat eginez”.

Lanerako tresna garrantzitsu hau egiteko, herritarren partaidetza izan dugu oinarri. Jomugan daude Abanto-Zierbenako merkatari eta ostalariak, eta herritarrentzat irekita dago.

Inkestak egin dizkiegu bezeroei, saltoki eta tabernetan eskaintzen diren zerbitzuak balora ditzaten. Halaber, on line galdetegiak egin ditugu Udalaren webgunearen bidez. Emaitza oso pozgarria izan da; izan ere, Abanto-Zierbenako bizilagunen 200 inkesta jaso dira, eta merkatariek betetako 74. Kasu batean zein bestean lagin esanguratsua lortu da, eta fidagarritasun handia ematen dio galdeketari” azaldu du Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarria andreak.

Inkesten emaitzak eskuan, dinamizazio-plan honen bigarren faseari ekin zitzaion. Orduan, Tokiko Garapenerako Agentziako eta Eskualdeko Merkataritza Bulegoko teknikariek besterik ez zuten parte hartu; zehazki, diagnostiko berria eta Abanto-Zierbenako merkataritzarako ekintza-plan oso bat sortu zuten.

Tokiko merkataritza bultzatzeko proiektu handinahiaren hirugarren fasean egindako lana aurkeztu da merkataritza-sarean, merkataritzak udalerrian bizi duen egoeraz hausnartzeko. 

Testuinguru honetan zenbait bilera egin dira, deialdi irekiarekin, udalerriko saltzaile eta ostalari guztiak bertara zitezen. Helburua izan da lortutako emaitzak erakustea eta hobekuntza-ekintza berriak bilatzea. Partaidetza positiboa izan da bilera bietan: bi deialdietako datuak batuta, guztira 24 saltzaile bertaratu dira.

“Plan berri honek guztiz bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020rako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Plan Estrategikoarekin. Hain zuzen ere, horri lotutako ekintzen xedea da lehiakortasun eta profesionaltasun handiagoa sustatzea euskal merkataritza gara dadin. Bada sasoia gure saltokien irudia modernizatu eta hobetzeko, herri erosoagoa sortzeko eta gure saltokien bidez kontsumoa sustatzeko. Horrela, enplegua sortuko da, eta gure kaleak bizitzaz beteko dira; izan ere, merkataritza dagoen lekuan daude bizitza, alaitasuna, giro ona eta auzotasuna, eta horrek herria haztea dakar” adierazi du Etxebarriak.

 “Ekintza-estrategia bat sortu dugu Udalaren, Merkatari eta Ostalarien Elkartearen (ACHA), eta merkatari eta ostalarien euren artean. Planak dena biltzen du: hobekuntzak udalerriaren hirigintza-diseinuan, Abanto Zierbenak dituen baliabide turistikoak indartzea bisitariak erakartzeko zein turismorako pack bat sortzea. Halaber, hutsik dauden saltokiei balioa emateko jarduerak sustatu nahi ditugu, ireki ditzaten. Esperientzia pilotu bat ere egingo dugu; zehazki, erosketak uzteko kontsignarenak egingo dituen gune bat sortuko dugu” iragarri du Etxebarriak.

Merkataritza dinamizatzeko plan honetan aurreikusita dago, halaber, udalerriko merkataritza-gida bat sortu eta hedatzea paper-formatuan, on line eta app formatuan. Denda-bonoa mantenduko da, negozio arrakastatsu eredugarrien inguruko jardunaldiak antolatuko dira eta beste ehun bat ekintza gauzatuko dira merkataritza dinamizatzeko. Hain zuzen ere, Abanto-Zierbenako merkataritza sustatu nahi duen proiektu honetan jaso dira horiek guztiak. “Fokua jarri nahi dugu Teknologia Parke berria eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultura eta Ingurumen Parkea instalatzeak eskaintzen dituen negozio-aukeretan. Bada, horretarako, jardunaldi argigarriak antolatu ditugu merkatari eta ostalarientzat, eta bi gune horiek dakartzaten aukerak azalduko zaizkie.

Udalean ahalegin betea egiten ari gara udalerriko merkataritza biziberritzeko, gure merkatariak etorkizunerantz bultzatzeko, eta negozio berriak jaiotzen eta hazten ikusteko. Denek dute gure babesa, eta babes hori merkataritza argi eta garbi bultzatzeko ekimenen bidez gauzatzen da, hala nola plan honen bidez” esan du alkate andreak.

Abanto-Zierbenako Merkataritza Dinamizatzeko Plana (2020) azken osoko bilkuran onetsi zen, joan den irailaren 27an, EAJren, PSOEren eta Indaz-en aldeko botoekin, eta EH-Bilduren aurkako botoarekin.