Albisteak

 

Abanto Zierbenak ere Mugikortasunaren Astea ospatuko du, autoaren erabilerarengatiko ondorio txarrak murrizteko xedearekin bat eginez, bai osasun publikoaren onerako, bai ingurumenaren onerako. Apustu honen bidez, agerian jarri nahi ditugu garraiobide jasangarriagoen erabileraren onurak; adibidez, bizikleta. Horrela, halaber, ariketa fisikoa eta kirola sustatu nahi ditugu adin guztietako gure herritarren artean.

Datorren irailaren 23an (igandea), “Familian pedalei eraginez” ekimena egingo dugu. Familian bizikletaz egiteko ibilbidea da, Bide Berdean zehar, Abanto Zierbenako ingurune naturalaz gozatu ahal izateko. Bi ibilbide egongo dira: txikia, 12 kilometrokoa; eta luzea, 32 kilometrokoa. Azken hori pedalei eragiteko animatuenentzako.

“Ekimenaren hirugarren edizioa izango da. Lehenengoan 98 pertsonak parte hartu zuten, aurreko urtean 142k, eta aurten 175 parte-hartzaile izango ditugu. Urtez urte gero eta gehiago gara, jarduera honek gero eta zale gehiago ditu. Zalantzarik gabe, familian egun polit eta osasuntsu bat igarotzeko aukera bikaina da”, adierazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ibilaldi txikia egin ahal izateko gutxieneko adina 6 urte dira, eta luzea egitekoa 10; betiere familiako tutore edo arduradun batekin badoaz.

Helduentzako bizikleta-txangoak ia hiru ordu iraungo du; Gallartako Gaztegunetik abiaraziko da 10:00etan, eta Santa Juliana auzotik igaroko da Bide Berdea hartu eta bertatik Castañoserantz jarraitzeko. Puntu horretan amaituko da ibilaldi txikiko parte-hartzaileen ibilbidea. Ibilbide luzea hautatu dutenentzat, anoa-postua ia 15 kilometrora egongo da, La Aceñan (Galdames). Bertan edariak banatuko dira.

Parte-hartzaileak helmugara iritsi direnean, hau da, Sanfuentesko pilotalekura, janaria, fruta eta edariak izango dituzte beren esku, indarrak berritzeko. Amaierako puntu honetara 12:30ak inguruan iritsiko direla aurreikusten da, proba bakoitzak hartuko duen abiaduraren arabera; betiere, antolatzaileek kontrolatu eta mugatuko dute hori.

Eta oraindik ere bizikletan ibiltzen ez dakiten horientzat, 12:30etik 15:00ak arte, oztopo-zirkuitu bat jarriko da Sanfuenstesko pilotalekuan, bizikletaren gaineko oreka hobetzeko. Parte hartzeko gutxieneko adina 5 urte izango da. Kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da kirol-jardunaldi honetan egingo diren jarduera guztietan parte hartzeko.

Izen-emateak www.abanto-zierbena.eus plataformaren bidez egin beharko dira. Izena emateko 3 €-ko zenbateko sinbolikoa jarri beharko da, Abanto Zierbenan erroldatutako pertsonek izan ezik. Horientzat, jarduera Udalak lagunduko du diruz % 100ean. Izena ematearekin batera, parte-hartzaileek bazkarirako zenbait aukeren artean hautatu ahal izango dute; zeliakoek ere beren aukerak izango dituzte. Izena emateko epea gaurtik aurrera (osteguna) egongo da irekita, eta hurrengo ostegunean (irailaren 20an, alegia) itxiko da. Izena emateko lehen 6 egunetan, plazen % 40a gordeko da Abanto Zierbenako herritarrentzat. Eta hilaren 12tik aurrera, plazak gainerako interesdunentzat irekiko dira.

Dortsalak hilaren 20an (osteguna) eta 21ean (ostirala) jaso ahal izango dira, 08:00etatik 15:00etara, Gallartako Gaztegunean. Igandean bertan ere hartzeko aukera egongo da, 08:00etatik 09:45era, leku berean. Dortsalarekin batera ur-botila bat eta oparitxoren bat banatuko dira proban izena emandakoen artean.

Aurreko edizioan hainbat lekutako parte-hartzaileak egon ziren; udalerri hauetakoak, adibidez: Trapaga, Santurtzi, Barakaldoko pertsona asko, Sodupe, Leioa, Zeberio, Lemoa… Proba oso erakargarria da eta pertsona askok hari buruz galdezka deitzen dute urtean zehar, parte hartzeko aukera ez galtzeko.

“Berritasun gisa, aurreko bi edizioetan lortutako arrakasta ikusita, eta gero eta gehiago garela aintzat hartuta, 25 izen-emate gehiago gaitu ditugu, eskaera guztiei erantzuten saiatzeko. Halaber, parte-hartzaileen iritzia entzun eta proba igandean egitea erabaki dugu. Horrela, ez da haurrentzako beste jarduera batzuekin elkartuko eta larunbatetan lan egiten duten gurasoei ere parte hartzeko aukera emango diegu, orain arte ezin izan baitute ibilaldia gurekin egin”, azaldu du Etxebarriak.

Udalak 7.500 euro inbertitu ditu kirol-proba hau egiteko, beste urte batez ere gure udalerriko ingurune naturalaz gozatzeko aukera emateko.