Albisteak

 

Abanto Zierbenako Udalak kendu egin nahi ditu dauden oztopo arkitektonikoak, eta jarduketaz jarduketa udalerri irisgarriagoa lortu nahi du. Orain, María Auxiliadora multzoa eta Las Carreraseko Facundo Perezagua kalea lotzen dituen N-634 errepidearen azpialdeko igarobidea eraldatu egingo dute, guztion beharretara egokitu dadin.

“Tunel hobea egingo dugu eta, gainera, honako hauek berriztatuko ditugu: argiteria publikoa, eta saneamendu-, hornidura-, telekomunikazio- eta gas-sareak; hau da, egunero ehunka bizilagunek erabiltzen duten lurrazpiko pasabidea erabat berriztatuko da” adierazi du Abanto Zierbenako Udaleko alkate Maite Etxebarriak.

Maria Auxiliadora multzotik pasabide honetara iristeko, eskailera batzuk daude eta, ondorioz, ibilbide hori ez da irisgarria mugikortasun murriztuko pertsonentzat edo adikoentzat; hori dela eta, oinezkoentzako arrapalak jarriko dira. Eskailera bera ere berriztatuko da.

“Horri esker, gurpildun aulkietan doazenak edo haur-kotxea daramaten gurasoak arazorik gabe ibili ahalko dira pasabide horretan barrena. Pasabide segurua, erosoa eta irisgarria, errepide nagusia ekidin eta erruz ibiliak diren bi kale lotzen dituena” azaldu du Etxebarriak.

Halaber, lurpeko igarobide horren kanpoko berdegunean zuhaitzak jarriko dira, baita hiriko altzari berriak ere, besteak beste bankuak eta paperontziak.

Las Carreraseko bizilagunek eskatutako berriztatze-lanak dira; izan ere, tunela ez da euren beharretara egokitzen, eta beti erantzun nahi izan diegu geure modura: entzunez eta lan eginez. Oinezkoak igarotzeko tunel horren arazo larrienetako bat zen euri-ur asko pilatzen zela bertan; obra honi esker, hori iraganeko kontua izango da, isurbideak eta ubideak eraikiko baitira, eta euri-uren bilketa kanalizatuko da” dio alkateak.

Jarduketa honek arrapalak eta eskailerak konbinatzen ditu, igarobide benetan irisgarria izan dadin; 360.000 euroko kostua izango du, eta Las Carrerasko herritarren eskaera eta beharrei erantzun sendoa ematea du xede.