Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak familian egiteko 6 ibilaldi proposatu ditu, udalerriko meatzaritza-auzoetan barrena. Sei egile-ibilaldi hauek seinaleztatuta egongo dira eta auzo hauek zeharkatuko dituzte: Las Calizas, Sanfuentes, San Pedro, Murrieta, Putxeta eta garai bateko meatzarien ospitalea.

Abanto Zierbenako Udalak Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren laguntzarekin antolatu du esperientzia berri hau, eta familian egiteko moduko sei egile-ibilbide barne hartzen ditu. Ibilaldi erlaxatuak dira, txikienentzako proposamenekin, baina adinekoentzat ere egokiak; izan ere, ez dira ibilbide luze edo zailak. Proposamen honen helburua da bidaiariek, ematen duten pauso bakoitzarekin, Abanto Zierbenak ezkutatzen dituen meatzaritzaren arloko altxorrak aurkitzea.

“Meatzaritzaren Museoan bidaiariaren koadernoaren 2.000 ale utzi ditugu. Ibilaldi bakoitza kolore batez irudikatzen da; hortaz, oso erraza da koadernoan topatzea. Gure asmoa da herritarrek inguruan dituzten altxorrak ezagutzea. Baliteke egunerokotasunean altxor horiek ez nabarmentzea, baina zalantzarik gabe, gure aintzatespena eta arreta merezi duten historiaren zatiak dira. Familientzako esperientzia bikaina da, historia, dibertsioa eta abentura uztartzen baititu”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Ibilaldiak 18 zutoinekin seinaleztatuko dira, eta horietan meategietako figurak egongo dira inskribatuta (kasurako, bagoneta bat). Haurrek beren bidaiariaren koadernoan kopiatuko dituzte figura horiek, eta, ibilbidea osatu eta geldialdietako ikur guztiak biltzen badituzte koadernoan, opari bat jasoko dute Meatzaritzaren Museoan.

Hala nahi duten bisitari guztiek “Bidaiariaren koaderno” bat hartu ahalko dute Meatzaritzaren Museoan bertan. Koaderno horiek bidaiariak Abanto Zierbenako txoko desberdinetan zehar gidatuko dituzte. Ekimen honen bitartez, udalerriak dituen turistentzako elementu interesgarriak nabarmendu nahi dira: paisaia ederra, ondare historikoa, natura, gastronomia... Guztia bisitariek aurkitu zain dauden elezaharrez eta misterioz inguratuta.

Pausoz pauso, bisitariek meatzaritzak utzitako arrastoak ikus ditzakete. Gure historia hurbilean gal daitezke “Vía Chica” izeneko ibilbidean barrena. Zuhaitzez beteriko ibilbidea da, naturan bertan. Lehen, bide horretatik igarotzen zen Galdames eta Sestao lotzen zituen meatzaritza-trena. Mineral-garbitokia oraindik ere zutik dago Putxeta auzoan; hori ere ikusi beharreko gunea da.

Abanto Zierbenan zehar eramango gaituen ibilbide interesgarri eta aberasgarri honek beste ezusteko bat ere badu: Barco familiaren dorrea. XVII. mendeko jauregi barroko eder hau Sanfuentes auzoan dago, Santa Luzia zelaiaren ondoan.

“Abanto Zierbenak bere historia erakusten du; bizilagun eta bisitari guztiak animatu nahi ditugu auzoetan barrena ibiltzera, denborari biziraun dion meatzaritza aberastasun guztia ezagutu ahal izateko”, amaitu du Etxebarriak.