Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak bizilagunek bizi-ohitura osasungarriak izan ditzaten nahi du; beraz, Bizkaiko Foru Aldundiaren kirol-zerbitzuarekin batera, parke bio-osasungarrien erabilera berriz aktibatuko du. Abanto Zierbenak mota horretako hiru parke ditu: Las Carrerasen, Sanfuentesen eta Gallartan. Aire zabaleko aisia-guneak dira, eta giharrak lantzeko makinak dituzte.

“Alberto Ezkurdia parkean, monitore batek aparatuak egoki nola erabili irakatsiko du, behin ikasita, nahi dutenek ezin hobe erabiltzen jarrai dezaten. Maiatzeko eta ekaineko ostiral guztietan izango dira, maiatzaren 11n hasi eta ekaineko azken astean amaituta, 09:30etik 10:30era, eta ordubeteko zortzi saio izango dira guztira. Jarduera fisikoa oso osasungarria da; beharrezkoa da arinago egoteko, hobeto sentitzeko. Adineko askok parke horietan egiten dituzten paseoak aprobetxatzen dituzte aparatu horietan pedalei eragiteko eta besoak lantzeko, besteak beste. Orain, etekin handiagoa ateratzen ikas dezakete, eta, gainera, ondo erabiltzen, lesioak egiteko arriskurik gabe”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

 “Zerbitzu hau doakoa da, eta abisatzen dugu plaza mugatuak daudela: 20 pertsonak izango dute klase hauek jasotzeko zortea, eta aldez aurretik izena eman beharko dute udal-igerilekuetan; zerrenda izen-ematearen ordenaren araberakoa izango da”, adierazi du Etxebarriak.

Abanto Zierbenak kanpoko 3 gimnasio oso ditu, doan erabiltzeko, eta Udalak bizi-ohitura osasungarriak sustatu nahi ditu; besteak beste, ondo jatea edo jarduera fisikoren bat egitea.

“Sedentarismotik ihes egin behar dugu, eta gure parke bio-osasungarrietan jarduera arina egin daiteke modu ezin erakargarriagoan: aire freskoa arnastuz eta eguzkitan. Gure bizilagunak kirola egitera animatzen ditugu, eta horregatik jarri ditugu kanpoko gimnasioak”, adierazi du Etxebarriak.

Gogorarazi beharra dago Abanto Zierbenako Udalak azken urteetan jarduera fisikoari lotutako hainbat programa jarri dituela martxan, bertako azpiegiturak aprobetxatuta; udalerriko herrigune nagusiak elkartzen dituzten ibilbide osasungarriak edo bide berdea, adibidez.

Abanto Zierbena osasungarri baten alde