Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak informazio-kanal berria jarri du Las Carrerasko herritarren eskura. LED pantaila interaktibo bat instalatu da Haritzalde plazan, autobus-geltokiaren ondoan; hau da, Las Carrerasko herrigunean bertan.

“Elkarri lotutako pantailen sistema bat sortzen ari gara, udal-informazioa ahalik eta herritar gehienei helarazi ahal izateko. Orain arte, pantailak jarri ditugu udaletxearen ondoan eta Sanfuentesko Los Chopos etorbidean. Oraingoan, Las Carrerasen txanda iritsi da; hain zuzen, auzoaren erdigunean jarri dugu pantaila berria. Laster beste pantaila interaktibo bat instalatuko dugu Gallartako erdigunean. Halaber, Triano eta Balastera bezalako landako auzoetan formatu txikiagoko panelak jartzeko aukera ere aztertzen ari gara", jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Las Carrerasko pantaila martxan da jada, eta gainerako gailu interaktiboei lotuta dago udal-informazioa erakusteko.

Aldebiko kolore biziko panela da. Asmoa da horren bidez Udalak sustatzen dituen jardueren eta zerbitzuen berri ematea; batez ere, herritarrentzat interesekoak izan daitezkeen berriak jakinarazteko. Era berean, tokiko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduen publizitatea jasoko du. Pantailaren diseinuari eta kokapenari esker, edukia urrunetik eta ikuspegi ezberdinetatik ikus daiteke kalitate eta argitasun handiz.

Panelak funtzio asko ditu; testuak, irudiak eta bideoak jaso ditzake alda daitezkeen askotariko formatuetan. Horrez gain, programazioa aldatu daiteke eta online edukiak erakutsi ditzake.

“Oso garrantzitsua da herritarrek Udalaren jarduketen eta udalerriko gertakarien berri izan dezaten zuzenean eta denbora errealean. Gailu honekin, informazio guztia dute begi aurrean. Abanto Zierbena udalerri irisgarria eta gardena izan dadila nahi dugu, bai eta interaktiboa ere", azaldu du Etxebarriak.

Edukia ia egunero eguneratzen da. Gainera, komunikazio-kanal aproposa da herritarrei premiazko berriak jakinarazteko. Paneletan informazio grafiko laburrak proiektatzen dira, udal-auzi ezberdinen berri emateko. Horrez gain, Udaleko webgunea eta harremanetarako telefonoa ere agertuko dira, beharrezkoa den kasuetan, nahi duenak informazio gehiago lortu ahal izateko. 

Pantailek oinezkoen arreta lortzen dute berehala, eta herritarrei informazioa helarazteko kanal berria dira, orain arte erabili ditugunak osatzeko (Whatsapp, webgunea, SMSak, posta elektronikoa).

Udaleko Wifi sarea zabaldu da

Jarduketa horren bidez, halaber, UDALAREN WIFI SAREA zabaldu ahal izango da. Sanfuentesen jarri zen aurreko urtean, eta oraingo honetan Las Carrerasera iritsiko da.

Udalaren WIFI sarearen puntu berri hori Haritzalde eta Trinidad plazetan kokatu da. Asmoa da hurrengo hilabeteetan WIFI sarea udalerriko beste puntu batzuetara zabaltzea, espazio irekietan Internet jarriz.

Herritarrak udaleko wifi sarera sar daitezke doan. Horretarako erabiltzaile gisa erregistratu beharko dira gatibu atari batean. Ondoren, modu erabat librean erabili ahal izango dute sarea, erabilera-baldintzak onartu eta gero. Doako wifi sare publiko horren helmena Haritzalde eta Trinidad plazek hartzen duten esparrua izango da.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) ezarritako mugapenei jarraikiz, Abanto Zierbenako Udalak 256Kbps-ra mugatu behar izan du gehienezko deskarga-abiadura.

“Honen bidez, teknologia berrien aldeko apustua sendotzen dugu. Teknologia berriak herritarren esku jarriz, eten digitala murrizten eta berdintasun soziala handitzen laguntzen dugu; eta aldi berean, udalerri integratzaileagoa sortzen dugu”, adierazi du Etxebarriak.

Udalerrian hirugarren panel interaktiboa instalatu eta udaleko wifi sistema handitzearen bidez, komunikazio-kanalak modernizatu nahi izan dira. Horretarako, Udalak 21.000 eurotik gorako inbertsioa egin du.