Albisteak

 
Las Carrerasen makinak errendimendu osoan lanean ari dira jada, María Auxiliadora etxe taldea Facundo Perezagua kalearekin lotzen duen N-634 errepidearen azpiko pasabidea guztiz eraberritzeko. Abanto Zierbenako Udalak arkitektura-oztopoak ezabatu nahi ditu; hori dela eta, tunel honetan arrapala-sistema bat eraikiko du, pasabidea guztiontzako irisgarria izan dadin.

 “Bide hori, María Auxiliadora etxe taldetik doana, eskailera bidezkoa da eta, beraz, ez da irisgarria mugikortasun urriko pertsonentzat edo nagusientzat. Horregatik, ibilbide bat sortuko dugu oinezkoentzako arrapalen bidez. Horrez gain, eskailera bera ere aldatuko dugu. Lanak abian dira jada, eta urte amaierarako, egunero pasabide hori erabiltzen duten ehunka bizilagunek modu seguru eta erosoagoan egin ahal izango dute”, azaldu du Lan-Zerbitzu saileko zinegotzi Jon Cuestak.

Horrez gain, argiteria publikoa eta saneamendu-, hornidura-, telekomunikazio- eta gas-sareak ere berrituko dira. Hau da, hurrengo hiru hilabeteetan, Las Carrerasko auzoak lotzen dituen lurpeko pasabide hau erabat aldatuko da. Eta horri esker, gurpil-aulkia erabiltzen duten bizilagunek eta haur-kotxeak daramatzatenek ere arazorik gabe erabili ahal izango dute.

 “Errepide nagusia saihesteko balio duen eta jende asko ibiltzen den bi kale horiek lotzen dituen pasabide segurua, erosoa eta irisgarria lortuko dugu. Bitartean, pasabide alternatibo bat prestatuko dugu N-634 errepidean (María Auxiliadoran) dagoen autobus geltokiaren atzealdetik, Putxetarekin lotzeko. Material trinkotuarekin eta aldi baterako argiteriarekin egokituko dugu. Bide hori erabili beharko da lurpeko pasabidea itxita dagoen bitartean. Orain, jendea eskaileratik pasatzen ari da, baina uneren batean pasabidea erabat itxi beharko da lanak amaitu ahal izateko; irail aldera izango dela kalkulatzen dugu", azaldu du Cuestak.

Era berean, lurpeko pasabidearen kanpoaldeko berdegunean zuhaitzak eta hiri-altzari berriak (eserlekuak eta zaborrontziak) jarriko dira. Pasabidea benetan irisgarria izateko arrapalak eta eskailerak uztartzen dituen jarduketa garrantzitsu honetarako 360.000 euro baino gehiago beharko dira.

"Honen bidez, Las Carrerasko bizilagunen eskaera eta beharrei erantzun nahi izan diegu. Lanak amaitzen direnean, horien xede den pasabidea irisgarriagoa, seguruagoa eta ez-baztertzailea izango da, guztiontzako erabilgarria; hala, eguneroko bizitza erraztuko digu guztioi eta Las Carrerasko auzoak eta herritarrak batu egingo ditu", esan du, amaitzeko, Cuestak.