Albisteak

 
Abanto Zierbenako Udalak udalerria ondo argiztatzearen alde lan egiten du eta, horregatik, argi-puntu berriak jarriko ditu 5 auzotan.

“Cotorrio, Santa Juliana, El Cerro, Montellano eta Murrieta auzoetako biztanleek Auzo saileko zinegotziaren eta Alkatetzaren bitartez eskatu ziguten eremu horietan esku hartzeko eta argi-puntu gehiago jartzeko. Bi dira arrazoiak: batetik, pertsonen segurtasuna bermatzea eta, bestetik, bideak hobeto argiztatuta egotea”, jakinarazi du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Argi gutxiko eremuak dira, baina orain, argi-puntu berriei esker, ikuspen hobea dute. Hori da, hain zuzen, Cotorrio auzoaren kasua, non 9 eta 11 metroko altuerako hormigoizko bi zutoin instalatu baitira 60. zenbakiaren parean, hiru LED argirekin. Jarduketa horretarako 10.000 euroko inbertsioa egin da.

Santa Juliana auzorako sarreran 9 metroko zutoin bat jarri da, LED argi batekin. 3.600 euro gastatu dira horretarako. Sanfuentesen, berriz, Montellano urbanizaziorako sarrerak argiztapen hobea izango du hemendik aurrera, 4 LED foku dituzten 7 metroko bi zutoini esker. 8.700 euro inbertitu dira gune horretako argi-puntuak jartzeko.
Argiztapen berria lagungarria izango da udalerriko energia-eraginkortasuna hobetzeko, atmosferarako CO2 isuriak murrizteko, argi-kutsadura gutxitzeko eta argindar-fakturetan aurrezteko.

“Udalak Abanto Zierbenako bizi-kalitatea hobetzea du xede, eta horretarako funtsezkoa da argiztapen egokia izatea. Gure auzo guztiek, hala erdigunekoek nola urruneko eremuetakoek, eskubidea dute argiztapen egokia izateko. Detektatu ditugun eremu ilunetan argi-foku berriak sortu ditugu, egoera konpontzeko. Lanean ari gara”, adierazi du Etxebarriak.
Las Carrerasen, Murrietako auzo altuan, LED argidun zutoin bat jarri behar da 21. zenbakiaren parean; izan ere, bide horretatik herritar asko igarotzen dira eta iluna dago.  Hornikuntza hori egiteko, Udalak 3.200 euro jarri beharko ditu bere diru-kutxatik.
Garrantzitsua da Udalaren kirol-instalazioen inguruetan behar adina argi egotea. Horregatik, hemendik aurrera argia egongo da padel-pistetarako sarreran, Gallartako igerilekuen ondoan. Horretarako, 5 argi-zutabe jarriko dira. Udalak herriko argiztapena hobetzeko eginiko jarduketa multzo honen barnean, azken hori da, hain zuzen, garestiena, 17.000 eurotik gorako kostuarekin.

“Guztira ia 43.000 euro inbertituko ditugu Abanto Zierbenako argiztapena hobetzeko. Esku-hartze txikiak dira, baina asko hobetuko dute herritarren eguneroko bizitza, eremu horiek seguruagoak izango baitira, argiztapen egokia jartzeari esker. Lanean jarraitzen dugu gure kaleetako bonbilla guztiak kendu eta LED lanparak jartzeko, ekologikoagoak eta eraginkorragoak baitira. Orain herritarrek eskatutako leku guztiak argiztatzea dagokigu, eta horretan ari gara”, esan du amaitzeko Etxebarriak.