Albisteak

 

Abanto Zierbenak adinekoekin lagunkoia den udalerria izan nahi du. Hori dela eta, duela 3 urtetik Udala lanean ari da Osasunaren Mundu Erakundearen proiektu garrantzitsu honetan.

“Adinik gabeko Abanto Zierbena lortu nahi dugu, zerbitzuak talde bakoitzaren beharretara egokituz, baina bereziki nabarmenduz adinekoak inguratzen dituen unibertsoa; oztopo fisikoak eta mentalak ezabatu nahi ditugu. Urteak betetzeak ez du esan nahi bizi-kalitatea murriztea, eta horretan ari gara lanean”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Proiektu honen helburua da udalerriaren errealitatea aztertzea adinekoen ikuspegitik. Horren bidez identifikatu nahi dugu zein alderditan eta nola izan daitekeen gure herria lagunkoiagoa adinekoekin. Horretarako, Deustuko Unibertsitateko aholkularitza teknikoaren laguntza dugu; ekimenaren hasieratik bertatik hitzarmen bat sinatu genuen haiekin.

“Une honetan diagnosi-fasean gaude. Martxoan eta apirilean herritarrekin taldeko bilerak egitea aurreikusi dugu, haien ideiak eta iritziak jasotzeko. Horretarako 12 foku-talde egingo ditugu. Horietako 8 adinekoek osatuko dituzte, eta gainerakoak zaintzaileek, adituek, elkarteetako kideek, etab. Guztira, 75 pertsona inguru izango ditugu lagun.

Horrez gain, 328 galdeketa egingo dira 60 urtetik gorako herritarren artean, bai kalean zuzenean bai webgunearen bidez. Horren asmoa parte-hartzea sustatzea da", jakinarazi du Etxebarriak.

Informazio guztia bildu ondoren, dokumentu batean jasoko da. Dokumentu hori errealitatearen argazki gisa hartuko dugu eta hortik abiatuta, hurrengo urteetan egingo diren hobetzeko proposamenak zehaztuko dira. Herritarrekiko gardentasunaren mesedetan, hori baita udaleko gobernu-taldearen ezaugarrietako bat, diagnosia publikoa izango da.

“Lan-egitasmo bat bultzatzeko konpromisoa dugu: Lagunkoitasun Plana. Udalean aurkeztuko da, osoko bilkurak onets dezan. Adinekoekin lagunkoia den hiria da haien zahartze aktiboa sustatu nahi duena, parte-hartzearen bidez, osasun-egoera hobetuz eta inguruko segurtasuna handituz, adinean aurreratuta daudenen bizi-kalitatea areagotzeko, bai eta, ondorioz, herritar guztiena ere. Eta horixe bera da gure apustua; gure adinekoen alde lan egiten dugu”, esan du alkateak.

Zahartze aktibo eta osasungarria da udal-plan berriaren gakoa. Planaren bidez, honako arlo hauek landuko ditugu, besteak beste: garraio publikoa, etxebizitza, herritarren parte-hartzea, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta gizarte-babes eta osasunaren arloko zerbitzu komunitarioak. Prozesu honen baitan daude, halaber, irisgarritasuna, segurtasuna hobetzea edo bakardadearen aurkako borroka. Horri guztiari esker, adinekoekin lagunkoiagoa den udalerria izango gara.

“Proiektu hau garatzen ari den Meatzaldeko lehen udalerria gara. Gure adinekoentzako etorkizun hobea nahi dugu, eta pixkanaka hori lortzeko bidean gaude. 2016an Osasunaren Mundu Erakundearen hiri lagunkoien mundu-sarearekin egin genuen bat, bai eta Euskadi Lagunkoia sarearekin ere. Iaz, talde eragilea finkatu genuen, udalerriko 15 adinekorekin. Horretarako, bilerak egin genituen hamabost egunean behin eta hasierako aurkezpen bat antolatu genuen herritarren aurrean. Horrez gain, atariko diagnosi bat ere gauzatu genuen, eta hori da oraingo honetan osatuko duguna”, azaldu du Etxebarriak.

Abanto Zierbena aurrera doa adinekoen eskutik, guztiontzako udalerri hobea lortzeko bidean. Proiektua garatzeko, Udalak 30.000 euro inguruko inbertsioa egin du orain arte, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren baterako finantzaketarekin.

Informazio liburuxka (PDF 266KB)