Albisteak

 

Igande honetan, urriaren 7an, bederatzigarrenez egingo da Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldia. Meatzaldeko ekitaldirik garrantzitsuena da inguruko mendizaleen artean. Kirol-erronka horretan, parte-hartzaileek Somorrostro haranaren eta Galdames kontzejuaren gaineko Triano eta Grumeran mendiak zeharkatu beharko dituzte. Euskadi osotik etorriko diren 400 mendizaleek bi ibilbide izango dituzte aukeran, gaitasunaren arabera: luzea, 32 kilometrokoa, eta laburra, 21 kilometrokoa.

“Helburua da mendizaletasuna sustatzea eta udalerria eta bertako meatzaritza-sustraiak ezagutaraztea. Aurten, bigarrengoz, familiako ibilbidea egiteko aukera ere egongo da, askoz ere errazagoa (10 kilometro). Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldia erreferente bilakatu da Bizkai osoan”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Parte-hartzaileak historian gehien ustiatu diren meatzaritza-eremuetan ibiliko dira, baita antzina-antzinatik abeltzaintza estentsiborako erabili diren mendiko larreetan ere. Bista paregabeak izango dituzte hainbat gailurretatik: Pico Ventana (527 m), udalerriko mendirik garaiena; La Rasa (611 m); El Cuadro (713 m); Pico Mayor (747 m); Ganeran (822), ibilbideko tokirik garaiena; San Juan (669 m); eta Peña Pastores (673 m).

“Parte-hartzaileek bista itzelak ikusteko aukera izango dute udalerriko gailurretatik”, esan du Etxebarriak.

Abanto Zierbenako Udalak eta Gallarreta Mendi Taldeak elkarrekin antolatu dute Mendi Ibilaldia, eta Petronorrek eta DEIAk babesten dute. Ekitaldian izan dira alkatea, Kiroleko zinegotzi Eduardo Mena, DEIAko zuzendari komertzial Kike Hermosilla, Petronorreko ordezkariak eta Gallarreta Mendi Taldeko presidente Goyo Vicente.

“Mendizaleak gustura egoteko moduan dira; izan ere, Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldia indartzen ari da urtez urte. Gero eta parte-hartzaile gehiago ditu eta datorren urtean hamar urte beteko ditu dagoeneko”, azpimarratu dute ibilaldiaren sustatzaileek.

“Ibilbide honi esker, familiek gure natura-ingurune zoragarria ezagut dezakete; zalantzarik gabe, asteburu honetarako plan bikaina da familia osoarentzat. Jarduera osasungarria da eta, gainera, gure lurraldeko eremurik ederrenak ikusteko aukera emango digu. Beraz, igande honetan, etorri denak Abanto Zierbenako Mendi Ibilaldira”, esan du Etxebarriak.

Izena ematen duten mendizaleek mokadu likido eta solido bana jasoko dute ibilbidean. Horrez gain, proba bukatu ondoren Gallartako Txikito pilotalekuko dutxak erabili ahal izango dituzte. Igandean goizeko 08:00etan hasiko da mendi-abentura, Gallartako Eusko Gudariak plazatik aterata, eta Meatzaldeko udalerriko gune berde eta garaienetatik igaroko da.